Gasteizko azken lan istripu hilgarria salatu dute SEAren aurrean

Erredakzioa 2020ko uzt. 8a, 11:39

Asteartean CCOO sindikatuak eta asteazkenean euskal gehiengo sindikalak elkarretaratzeak egin dituzte SEA Arabako Enpresarien egoitzaren aurrean, azken lan istripu hilgarria salatzeko.

Hildako langilea ekainaren 29an kamioi baten atoitik erori zen Aretxabaletako obra batean eraikuntza lanetan ari zela. Oso zauri larriak egin zituen, eta ospitalean hil egin zen ostiralean.

CCOO sindikatuak azaldu duenez, istripuaren arrazoiak ez dira oraindik argitu, baina hildakoa Izobex Construcciones SL enpresa madrildarreko langilea zen. Istripuaren momentuan Adania enpresarako azpikontratatuta zegoen, Aretxabaletako promozio batean lanean.

Osalan eta Lan Ikuskaritza istripua ikertzen ari dira. Istripuen kausak zehazten dituzten ikerketa horien emaitzen zain, CCOOko Eraikuntza eta Zerbitzuen Federazioak enpresei eta administrazioari eskatu die behar diren neurriak har ditzatela horrelako gertaerak berriro gerta ez daitezen. "Laneko istripuei buruzko datuak ikaragarriak eta onartezinak dira aurten, baina are gehiago ekoizpen-jardueraren geldialdia kontuan hartuta", salatu du CCOOk, ohar bidez.

CCOO sindikatuak elkarretaratzea egin du asteartean SEAren egoitzaren aurrean, lan istripu hilgarria gaitzesteko, hildakoaren senideei eta lankideei babesa helarazteko, eta horiek saihesteko "berehalako neurriak" har daitezela eskatzeko.

42 lan heriotz, 10 Araban

ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta EHNE sindikatuek SEAren egoitzaren aurrean beste elkarretaratze bat egin dute asteazkenean.

 

Gehiengo sindikalaren arabera, azken heriotz horrekin dagoeneko 42 dira 2020an Euskal Herrian lanean bizitza galdu duten pertsonak, "koronabirusak lan eremuan eragin dituen heriotza zenbaezinak kontuan hartu gabe"; 42 lan istripu hilgarri horietatik 10 Araban izan dira, eta bi langilek Zaldibarko zabortegian lurperatuta eta desagerturik jarraitzen dute.

Hildakoaren senitarteko eta lagunei elkartasun eta babes "zintzoena" adierazi diete, eta "prekarietate egoera" salatu dute: "Prekarietate hau lan erritmo jasanezin, jardunaldi amaigabe eta sektoreko hitzarmen nahiz prebentzio araudiaren urraketan bihurtu ohi da, are gehiago eraikuntzaren sektorean".

Horrez gain, konfinamendu egoeran Eusko Jaurlaritzak lan baldintzak "are gehiago" ikuskatu beharko lituzkeela deritzo sindikatuak; izan ere, langileak "erabateko indefentsio egoeran" aurkitzen direla uste du.

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide