Korterraza iritsi da Iparraldeko parkera

Erredakzioa 2020ko uzt. 8a, 09:33
Iparraldeko Parkeko frontoia prest dago 2020ko ediziorako. / KORTERRAZA

Asteazkenetik larunbatera bitartean, Iparraldeko parkean ospatuko dute aurten Gasteizko Korterraza. Besteak beste, Capsula eta Liherren kontzertuak izango dira, film laburren emanaldiekin batera.

Lurraldean ospatuko diren jaialdien artean lehenetarikoa izango da Korterraza, zinema eta musika batzen dituen jaialdia. Uztailaren 8tik 11ra arte izango da, Iparraldeko parkean.

Mugatutako sarrerarekin, gonbidapena beharko da bertara sartzeko. Antolatzaileek azaldu dutenez, asteazkeneko zein osteguneko gonbidapenak agortu dira dagoeneko; hala ere, sarrerarik gabe gelditu diren pertsonei info@korterraza.com helbidera idaztera animatu dituzte, itxaron-zerrenda osatzeko.

Antolatzaileek gogoratu moduan, Iparraldeko parkeko pilotalekua aire zabaleko zinema handi bilakatuko dute kaleko kulturaz gozatzeko. Azken urteko film labur nabarmenenak ikusteko aukera eskainiko du Korterrazak, aurreko urteetan egin moduan. Besteak beste, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregiren Mateoren ama, Ander Iriarteren Mirokutana, Alvaro Carmonaren El tratamiento, eta Andrea Casasecaren Era yo film laburrak ikusteko aukera izango da. Eta sei kontzertu ere izango dira, zine emanaldiekin batera: Capsula, Liher, The Soulbreaker Company, The Dealers, Dr. SAX eta Srta. Escarlata

'Mateoren ama' laburra eskainiko dute, besteak beste. / MORIARTI PRODUKZIOAK

26 proiekzio Araban

Aire zabaleko film laburren lehiaketaren Arabako 6. edizioa uztailetik irailera bitartean egingo da lurraldeko 24 herritan. Protokolo bat prestatu dute parte hartzaileen segurtasuna bermatzeko.

Etura, Okondo, Bastida -2 proiekzio-, Artziniega, Burgu, Aramaio -2 proiekzio-, Armiñon, Estavillo, Amurrio, Gesaltza Añana, Maeztu, Izarra, Ondategi, Oroko Andre Mariaren Santutegia, Bernedo, Ribaguda, Berantevilla, Zuhatzu Kuartango, Villabuena, Komunioi, Zabalate, Lanteno, Larrazubi eta Dulantzi izango dira Korterrazaren 6. edizioak bisitatuko dituen herri arabarrak.

24 herri badira ere, aurreko edizioetan baino gutxiago dira. Izan ere, ezohiko egoeraren ondorioz, "hainbat herrik proiekzioei uko egin behar izan diete", azaldu du Vitoriak.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide