Korterraza Araba

Korterrazak 26 proiekzio antolatuko ditu Araban

Erredakzioa 2020ko eka. 26a, 12:00
Korterraza jaialdiaren Arabako programazioaren aurkezpena. / AFA

Aire zabaleko film laburren lehiaketaren Arabako 6. edizioa uztailetik irailera bitartean egingo da lurraldeko 24 herritan. Protokolo bat prestatu dute parte hartzaileen segurtasuna bermatzeko.

KulturaKalean! elkarteak antolatutako Korterraza Arabako herrietan izango da aurtengo udan ere, urteko film labur aipagarienak proiektatzeko. Aire zabaleko film laburren jaialdiaren seigarren edizioa uztaila eta iraila bitartean izango da, eta 26 proiekzio antolatuko dituzte Arabako 24 herritan.

Elkarteko Xabi Vitoriak azaldu du "ilusio handiz" antolatu dutela Korterraza Araban ekimena, lurralde osoan izaten duen parte hartzaileen kopurua dela eta: "Oso pozik gaude une zailak bizitzen ari garen arren jaialdia egin ahal izango dugulako". Gainera, eskerrak eman dizkie Aldundiari, Kultura Sailari, teknikariei, udalei eta Laboral Kutxari, babesari eutsi diotelako; izan ere, Aldundiak 12.000 euroko aurrekontua mantendu du jaialdia babesteko.

Etura, Okondo, Bastida -2 proiekzio-, Artziniega, Burgu, Aramaio -2 proiekzio-, Armiñon, Estavillo, Amurrio, Gesaltza Añana, Maeztu, Izarra, Ondategi, Oroko Andre Mariaren Santutegia, Bernedo, Ribaguda, Berantevilla, Zuhatzu Kuartango, Villabuena, Komunioi, Zabalate, Lanteno, Larrazubi eta Dulantzi izango dira Korterrazaren 6. edizioak bisitatuko dituen herri arabarrak.

24 herri badira ere, aurreko edizioetan baino gutxiago dira. Izan ere, ezohiko egoeraren ondorioz, "hainbat herrik proiekzioei uko egin behar izan diete", azaldu du Vitoriak.

Jarduketa protokoloa

Lehiaketaren antolatzaileek jarduketa protokolo bat prestatu dute: sartzeko gonbidapena beharrezkoa izango da, jende kopurua mugatuko dute, hesiak jarriko dituzte, derrigorrezkoa izango da maskarak eta gel desinfektatzailea erabiltzea eta aulkien artean segurtasun tartea utziko dute. Horrez gain, euria eginez gero proiekzioa estalpean egin beharrean, saioa hurrengo egun baliodunean egingo dute.

Sorta aparta

Lau sail izango dira: Super Selekzioa, Komedia, Txiki eta Mix, eta proiektatuko diren lanak urteko aipagarrienetakoak izango dira. Gainera, aukeratutako film laburren artean, lurraldearekin lotura duten lau zinemagile eta aktoreren lanak daude:

  • David P. Sañudoren Un coche cualquiera.
  • Mikel Bustamanteren Telekinesis.
  • Susana Abaitua protagonista duen Ferrotipos.
  • Iñaki Rikarte protagonista duen Mirokutana.

Korterraza Araban parte hartzen duten film laburrek sari bana jasoko dute, hautatuak izateagatik eta ikusle kopuruagatik. Gainera, irailaren 4an Burgun egingo den azken emanaldiaren ostean banatuko den Arabako Publikoaren Saria irabazteko hautagai izango dira.

Mateoren ama, II. Euskadi Saria

Hautatutako film laburren artean Mateoren ama dago, II. Euskadi Saria irabazi duen lana. Iaz jarri zuen saria abian KulturaKalean! elkarteak, Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin, euskarazko film labur onena saritzeko, eta euskarazko ekoizpena sustatzeko.

Sari hori eskuratzen duenak dirua jasotzen du eta Sail Ofizialean sartzea lortzen du; horrek esan nahi du hautatua izateagatik eta ikusle kopuruagatik banatutako sariak ere jasotzen dituela, eta epaimahaiaren zein publikoaren sariak jasotzeko aukera ere baduela.

Mateoren ama Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi La Trinchera infinita film luzearen zuzendariek zuzendu dute. Film horrek, gainera, Goya sarietarako 15 izendapen zeuzkan, horien artean film eta zuzendari onenarenak; eta bi sari irabazi zituen.

Film labur hori Iban Zaldua idazlearen kontakizun batean dago oinarrituta, eta Angel Mari du protagonista: bolada baten ondoren ama bisitatzea erabakitzen duen gizona.

Gasteizko gonbidapenak

Gasteizko Korterraza jaialdiaren 11. edizioan parte hartu nahi duten ikusleek ekainaren 29tik aurrera webgune ofizialean eskuratu ahal izango dituzte gonbidapenak, film laburrez eta kontzertuez gozatu ahal izateko. Gasteizko jaialdia uztailaren 8 eta 11 bitartean izango da, Iparraldeko parkeko frontoi frantsesean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide