Gardelegiko zabortegia bigarren aldiz erre da astebeteko epean

Erredakzioa 2020ko uzt. 6a, 13:36
Gasteizko hainbat puntutatik ikus zitekeen ke-zutabe bat sortu zuen suteak. / ALEA

Sua igande honetan itzuli da Gardelegiko zabortegira, plastiko batzuek su hartu eta astebetera. 19:30ak aldera hasi zen sutea, eremu berean. Gasteizko Udalak balizko intentzionalitatea ikertuko du.

Astebeteko epean bigarren aldiz su hartu du Gardelegiko zabortegiak igande honetan. Suhiltzaileak zabortegira joan ziren sutea itzaltzera, eta 23:30ak aldera kontrolatzea lortu zuten, zisterna-kamioi batekin eta zabortegiko bulldozer pare batekin.

Lehenengo sutea material plastikoak pilatzen diren eremuan gertatu zen, eta suhiltzaileak sutara lurra botatzen ibili ziren makinekin. Atzoko sutea eremu berean gertatu zen, eta Arabako hiriburuaren hainbat puntutatik ikus zitekeen ke-zutabe bat sortu zuen.

Eguzki talde ekologistak espedientea irekitzea eskatu du, suteen nondik norakoak ikertzeko eta herritarren segurtasun eta osasunerako "beharrezkoak diren neurri guztiak" ezartzeko. Halaber, Udalak hondakinen inguruan egindako kudeaketa ere salatu du plataformak, eta ohartarazi du hondakinen aire zabaleko sua oso negatiboa dela osasunerako, arriskutsuak diren gas kutsatzaileen emisioagatik.

Bestalde, Gasteizko Udalak, bere aldetik, gertatutakoa ikertuko duela azaldu du, balizko intentzionalitatea aztertzeko "hain antzekoak diren, denboran hain jarraituak diren eta hainbeste kointzidentzia dituzten bi kasutan".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide