Eguzkik espediente baten irekiera eskatu du atzo Gardelegin izandako suteagatik

Erredakzioa 2020ko eka. 29a, 09:16
Gardelegiko zabortegian igandean piztutako sutea. GASTEIZKO SUHILTZAILEAK

Material plastikoak pilatzen diren eremuan gertatu zen sutea.

Igande eguerdian Gardelegiko zabortegian sortutako sute batek ke zutabe luze bat eragin zuen. Sutea material plastikoak pilatzen diren eremuan gertatu zen, eta suhiltzaileek jakinarazi zutenaren arabera, arratsaldeko lehen ordurako kontrolpean bazuten ere, orduak behar izan zituzten sua erabat itzaltzeko. Horretarako, makinekin lurra botatzen ibili ziren sutara.

Sutearen harira, Eguzki talde ekologistak espediente bat irekitzeko eskaera egin du, sutearen nondik norakoak eta hondakinen kudeaketan eta ikuskapenetan dagoen kontrola ikertzeko. Ohartarazi du hondakinen aire zabaleko sua "oso negatiboa" dela osasunerako arriskutsuak diren kutsatzaileen emisioengatik, hala nola, dioxina eta furanoengatik eta hidrokarburo aromatiko poliziklikoengatik: "Hondakinen errekuntzak eta, bereziki, Gardelegiko plastikoek arriskutsuak izan daitezkeen substantzia kutsagarriak sor ditzakete, eta kea eta lurrun toxikoak sortzeaz gain, airearen kalitatea larriki kaltetzen dute eta instalazioekin muga egiten duten eremuko (Gasteiz barne) lurrean, uretan eta biztanle guneetan sedimentatuko duten partikulak garraiatzen dituzte".

Gogorazi du bereziki hiri eta industria hondakinak biltzen dituen zabortegiak 93 hektarea dituela, eta bizitza erabilgarria 2036ra arte luzatu duela. Gaineratu du lehen Zaldibiarrera zihoazenak baino askoz hondakin gehiago biltzen dituela (23.000 tona inguru).

Kritikak Gasteizko Udalarentzat

Eguzkik arbuiatu du Gasteizko Udalak hondakinen inguruan egun egiten duen kudeaketa, "Gardelegiko makro-zabortegiko alfonbraren azpian ezkutatzean oinarritzen dena. Europako Zuzentarauaren arabera, hondakinen kudeaketaren azken aukera eta azken maila da hau".

Talde ekologistaren ustetan, Gasteizek arazo bat du Europako Zuzentaraua betetzeko, hiri-hondakinen kudeaketaren birziklapenaren ehunekoari dagokionez: "Zabortegira zaborrik bota behar ez izateko lan egiteko garaia da. Konpromiso eta itun politiko eta sozial bat eman behar da Zuzentaraua betetzeko, egitateen bidez erakusteko hondakinak kudeatzeko borondatea dagoela eta zabortegi batean ez ezkutatzeko".

Horregatik, hondakinen "politika osoa" berrikusi behar dela azpimarratu du, eta "informazioa, gardentasuna eta kudeaketaren erantzukizuna" eskaini behar direla Zaldibarren edo gaur Gardelegin izandako sutearen antzeko egoerak saihesteko: "Hondakinen kudeaketak ezin du kudeaketa delegatua ekarri, kudeaketa publikoa eta zuzena baizik, osasuna, biztanleria eta ingurumena defendatzeko, Europako jarraibideen araberako politika bat aplikatuz, eta ahal den neurrian hondakinak murriztuz".

Eguzkiren ustez, hondakinen plan, kontratu eta proiektu guztien informazio publikorako gune bat ezarri behar da, baita horien kontrolerako eta segurtasunerako neurriak ere: "Sute hori ikertu behar da eta herritarren segurtasun eta osasunerako beharrezkoak diren neurri guztiak ezarri behar dira".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide