Baskoniaren garaipenaren ospakizuna diskoteka baten desalojoarekin amaitu zen

Erredakzioa 2020ko uztailaren 1a

Zaletuen euforiak segurtasun neurriak ez errespetatzea eragin zuen une batzuetan. / ALEA

Ospakizuna atxilotu batekin, bi ertzain zaurituekin eta gehienezko edukiera gainditu zuen diskoteka baten desalojoarekin amaitu zen, astelehen gauean.

Ehunka pertsona bildu ziren astelehen gauean Gasteizko Alde Zaharrean, Baskoniaren garaipena ospatzeko. Baskoniazaleen euforiak osasun krisiaren testuinguruan ezarritako segurtasun neurriak ez errespetatzea eragin zuen une batzuetan. Jende uholdea Andre Maria Zuriaren plazaraino iritsi zen, eta, besteak beste, bengalak piztu zituzten balkonadatik.

Kritika ugari egon dira sare sozialetan, zaletuen arduragabekeria salatzeko. Gorka Urtaran alkateak, sare sozialetan zabaldutako mezu batean, irudiekin "oso kezkatuta" dagoela adierazi du: "Iritsiko da ospakizunetarako garaia. Gau alai bat ez dadila tragedia eta sakrifizio asteetan bihurtu. Gure osasun langileek eta nagusiek ez dute merezi, ezta hiriak ere. Saihestu pilaketak. Zuhurtzia, mesedez".

Hainbat iturriren arabera, ospakizuna atxilotu batekin, bi ertzain zaurituekin eta gehienezko edukiera gainditu zuen diskoteka baten desalojoarekin amaitu zen.

Eldiarionorte.es hedabideak argitaratu duenez, gertakari larriena The Garage aretoan izan da. San Anton plazan kokatutako lokalaren jabeek Poliziari deitu behar izan zioten, edukiera kontrolatzeko gai ez zirelako. Gertakaria 4:00etan jazo da, Maialen Ferreira kazetariaren arabera.

Erlazionatuak

Baskonia ligako txapeldun

Aritz Martinez de Luna 2020 eka 30 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago