Normala da final bat partida bakarrera jokatzeak urduritasunak sortzea eta hori nabaritu ahal izan da finaleko lehen minutuetan zehar. Baloi galduak eta erasoan huts egindako jaurtiketak ikustea ohikoa izaten da izaera horrelako egoeretan, baina burua hotz mantentzea eta intentsitate mailan makaltasunik ez izateak baldintzatu dezake azken emaitza.
Horretaz jakitun, nabaria izan da Ivanovicek mezua ondo jakinarazi diela jokalariei eta lanerako gogoz kantxaratu dira gasteiztarrak finalean; jokaldiren batean kale egin arren, partidan buru belarri jarraitu beharra zegoela ondo barneratuta.
Aurrez-aurre Bartzelona handia, eta txapela eskuratzeko faborito nagusia. Besteak beste, gaur arte Baskoniak lortutako hiru liga txalpeketen aurrean 18 titulu dituena, eta aurtengo denboraldiko jokalari multzoa osatzeko, Baskoniarekin alderatuta, aurrekontu bikoitza izan duena. Apustuak Bartzelonaren aldekoak nabarmen, partida aurretik bederen.
Beldur horiek azaleratzear egon dira minutu askotan zehar. Batez ere atsedenaldiaren aurretik Bartzelonak markagailuan hamar puntuko aldea zabaltzea lortu duenean. Baina, baskoniazaleentzat zorionez, taldeak gaur arte ezagun egin duen gosea erakutsi ahal izan du; Baskonia izaera deitutakoa.
Duela urte asko lortu zuen talde gasteiztarrak ospe hori, hain zuzen Ivanovic entrenatzaile zuen garaian. Orduan altxa zuen Baskoniak bere ligako hirugarren titulua, Ivanovic aulkian zegoela, duela hamar urte.
Gaurkoan, Europako talde onenetarikoa aurrean izan arren, jokalariak ez dira kokiltu, eta partidarik onena jokatu ez arren, Bartzelonak baino irabazteko gogo gehiago erakutsi dute gasteiztarrek. Pronostikoak puskatuta, eta urduritasunak-urduritasun, Baskoniak ekarriko du ligako titulua etxera.
Ospakizunak
Ehunka pertsona bildu dira Gasteizko Alde Zaharrean Baskoniaren garaipena ospatzeko. Baskoniazaleen euforiak segurtasun neurriak ez errespetatzea eragin du une batzuetan. Jende uholdea Andre Maria Zuriaren plazaraino iritsi da, eta, besteak beste, bengalak piztu dituzte balkonadatik.
Ospakizuna atxilotu batekin, bi ertzain zaurituekin eta gehienezko edukiera gainditu zuen diskoteka baten desalojoarekin amaitu da.
Kritika ugari egon dira sare sozialetan, zaletuen arduragabekeria salatzeko. Gorka Urtaran alkateak, sare sozialetan zabaldutako mezu batean, irudiekin "oso kezkatuta" dagoela adierazi du: "Iritsiko da ospakizunetarako garaia. Gau alai bat ez dadila tragedia eta sakrifizio asteetan bihurtu. Gure osasun langileek eta nagusiek ez dute merezi, ezta hiriak ere. Saihestu pilaketak. Zuhurtzia, mesedez".
???? Ehunka pertsona bildu dira Gasteizko Alde Zaharrean Baskoniaren garaipena ospatzeko.
— Arabako ALEA (@ArabakoALEA) June 30, 2020
???? Baskoniazaleen euforiak segurtasun neurriak ez errespetatzea eragin du une batzuetan.
???? [KRONIKA] Baskonia ligako txapeldun https://t.co/ijDmqheJ5d pic.twitter.com/aKZ7R6sosJ
???????? Baskoniaren garaipenaren ospatzeko jende uholdea Andre Maria Zuriaren plazaraino iritsi da. Bengalak piztu dituzte balkonadatik.
— Arabako ALEA (@ArabakoALEA) June 30, 2020
???? [KRONIKA] Baskonia ligako txapeldun https://t.co/ijDmqheJ5d pic.twitter.com/0TPRqQzFRz