Alarma egoeran larrialdietarako aterpetxe gisa gaitutako Lakuako frontoian egindako agerraldian, bertan lo egiten duten pertsonek eta hogei bat sindikatu eta eragile sozialak osatutako Inor ez etxerik gabe plataformak parte hartu dute. Udalari aurpegiratu diote benetako irtenbiderik ez duela etxebizitzarik gabeko herritarren egoerarentzat.
Pandemia hasi zenetik, 60 pertsona Lakuako frontoian bizi izan dira, eta horietako askok bertan jarraitzen dute. Orain, Gasteizko Udala pertsona horien irteera prestatzen ari da. Frontoian gertatutakoa "larrialdi egoeraren erakusgarri nagusia" dela salatu du Bazterkeriaren aurkako Ekimenak.
Kritikatu dutenez, frontoiak ez ditu etxebizitza batek bete beharko lituzkeen osasungarritasun, bizigarritasun, intimitate eta duintasun baldintzak betetzen: "Frontoi honek ez du etxebizitza duin bat izateko eskubidea bermatzen", azpimarratu dute.
Duela bi hilabete, plataformak Udalari galdegin zion zer gertatuko ote zen frontoi horretan artatutako etxerik gabeko pertsonekin alarma egoera amaitu ondoren: "Gaur egun, Udalak etxerik gabeko pertsonek merezi duten arreta eskaini gabe jarraitzen du. Zeren zain daude? Egoera jasanezina da".
"Behar duen orori bizitoki eta arreta duin bat" eskaintzea exijitu dute, eta, horrenbestez, datorren uztailaren 3an, ostiralean, kanpaldi eta asanblada irekia deitu dute Plaza Berrian: "Gasteizen ez dugu inor kale gorrian nahi".
Udalaren bando faltsua
Duela egun batzuk, ustezko Gasteizko Udalaren bando batek hutsik zeuden udal etxebizitzak eraberritu eta martxan jarriko zituela agintzen zuen, hiriko bizitegi-larrialdiari erreferentzia eginez. Horrekin batera, alokairu kontratuetan egon zitezkeen iruzurrak geldiaraziko zituela, alokairuaren prezioa mugatuko zuela edota etxebizitza hutsen errolda eguneratuko zuela ere iragartzen zuen.
Plataformaren ustez, bando horrek aditzera ematen zuen Udalak pausoak emango zituela "inor atzean gera ez zedin". Hala ere, bandoa faltsua zela argitu zen, eta Udalak berak horrekiko ardura ukatu zuen. Baina gogor kritikatu dute Udalaren jarrera: "Dezepzio handiz egiaztatu dugu udal-agintarien promesak askoz ere faltsuagoak zirela, krisia igaro ondoren behin-behineko harrera izan zuten etxebizitzarik gabeko pertsonek behin betiko irtenbideak izango zituztela adierazten zutenean".
Egoera larria, pandemia aurretik
Pandemiaren aurretik ere "erabateko egoera larrian" geundela ohartarazi dute. Izan ere, alokairu sozialeko etxebizitza bat eskuratzeko itxaron-zerrendak gero eta luzeagoak direla diote, eta arreta-zentroen saturazioa "izugarria" zela. "Argi zegoen baliabide publiko nahikorik ez zegoela", ziurtatu dute.
Egoera horretan, gainera, epaitegiek etxegabetzeak agintzen jarraitu dute, eta erakundeek "inolako bizileku-aukerarik eman gabe" jarraitu dutela salatu du Inor ez etxerik gabe ekimenak.