Koronabirusa

Lakua eta Pio Barojako harrera-zentroetako erabiltzaileen irteera prestatzen ari dira

Erredakzioa 2020ko eka. 10a, 10:04

Osasun larrialdian Lakuako pilotalekuan irekitako harrera-zentroa. / GASTEIZKO UDALA

Lakuako pilotalekuko eta Pio Baroja ikastetxeko harrera-zentroetako erabiltzaileen irteera plana prestatzen ari dira Gizarte Politiken Saila eta Gurutze Gorria. Hogeita hamar bat pertsonari emango die ostatua entitate humanitarioak.

Pio Baroja ikastetxeko zentroa ekainean itxiko da, eta ondoren Lakuako pilotalekukoa, ekaina eta uztaila bitartean. Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak eta Gurutze Gorriak pandemiaren ondorioei aurre egiteko bi harrera-zentroetan hartu ziren pertsonak bertatik ateratzeko plana prestatzen ari dira.

Arloko zinegotzi arduradun Jon Armentiak eta Gurutze Gorriaren Euskadiko koordinatzaile Aitor Allendek bi erakundeak modu koordinatuan ematen ari diren pausuak azaldu dituzte asteartean. Helburua pertsona horiei ostatu ematea, eta "inor kalean ez geratzea" da. Gaur egun, 56 pertsonari ematen zaie ostatu Pio Baroja ikastetxean eta Lakuako pilotalekuan; zazpi emakumeak dira.

Erdiak baino gehiagok ostatua zuten alarma egoera ezarri aurretik. Beste hamaseik, ordea, kalean lo egiten zuten; beste bost neguan ostatu emateko bitartekoan zeuden; eta beste bost ospitale-zerbitzuetan. "Deseskalada hastearekin batera, pertsona horiek ere normaltasun berrira itzultzen hasiak dira, apurka, eta ostatua eman beharra dago", adierazi du Armentiak.

Elkarlanean ari dira Udala eta Gurutze Gorria erabiltzaile bakoitzarentzat ibilbide bat diseinatzeko; izan ere, bizitegi-bazterketa pairatzen duten pertsonak dira, eta horiei "etorkizun bat" eskaini nahi diete, "kaletik ateratzeko eta inklusioa ahalbidetuko duen laguntza" emateko.

Lehen Urratsa programa

Izan ere, proiektu bat garatuko du Gurutze Gorriak, Eusko Jaurlaritzaren Lehen Urratsa programak finantzatuta, gutxienez pertsona horien arteko hogeita hamarri ostatu eman ahal izateko. Lehenengo zortziak hurrengo egunetan aterako dira, eta, hilabete hauetan, hainbat boluntariok eta profesionalek lan egin dute haiekin, bizikidetza, higienea, elikadura eta medikazioa zaintzeko.

Egunotan, zainpeko etxebizitzetan eman zaie ostatu bi pertsonari. Beste batzuk Harrera Sozialerako Udal Zentrora itzuli ahal izango dira; alarma egoera bukatzen denean, 60 pertsonarentzako edukiera izango du udal aterpe horrek, eta erreserbako beste zazpi leku, prebentzio neurri gisa, koronabirusak agerraldi berririk badu ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago