"Ez dakit irailetik aurrera Talkari eusteko gai izango naizen"

Anakoz Amenabar 2020ko eka. 22a, 07:13

Gorka Basterretxea, Talka galerian. / Erlantz Anda

Gasteizko arte galerien basamortuan, tanta handi bat izan zen duela bi urte Talka. Nestor Basterretxearen seme Gorkaren eskutik, hiriburuan arte garaikideari beste erakusleiho bat jarri zion; sektoreak bizi duen krisiak, ordea, pandemiak areagotuta, egoera latzean jarri du egitasmoa.

Paco San Miguelen bildumako eskultura batzuekin ekin zion Talka galeriak konfinamenduaren osteko bideari, eta Miriam Isasiren erakusketarekin jarraituko du hurrengo asteetan. Gasteizko Alamedako Markesaren plazan dagoen arte galeriak, ordea, zalantza ugari ditu aurretik. Pandemiak kolokan jarri du lehenagotik ere hankamotz zetorren egitasmoa, Gorka Basterretxea (Donostia, 1959) galeriaren jabeak aitortu duen moduan, eta hurrengo hilabeteak gakoa izango dira.   

Bi urteko bidea, eta tartean pandemia bat ere bai. Zein egoera bizi du gaur egun Talka galeriak?

Pandemiaren aurretik erraza ez bazen, are gutxiago orain. Halako negozio batean hasten zarenean ez dakizu ondo, normala denez, zer aurkituko duzun. Zuloa liburu-dendan izan nintzen hainbat urtez, eta orain dela hiru urte erabaki nuen uztea, dendarekin nahiko nekatuta nengoelako. Artearekin betidanik izan dut lotura, eta handik gutxira erabaki nuen arte garaikideko galeria bat irekitzea. Hainbat galeria bisitatu nituen: Londresen, Bartzelonan, Bilbon... eta banekien egoera zaila zela; galeriak ixten ari ziren.Pandemia aurretik ere, azken urteetan, gure kontsumoa erabat aldatu da; eskaintza handia dugu Internet edo telebistaren bitartez, eta etxetik ateratzea askoz gehiago kostatzen zaigu. Artearen munduan ere antzera; artelanak erosteko beste bide batzuk ere badaude gaur egun, online. Tira, egoera ezagutzen nuen, baina sorpresak ere izaten dira eta aurrera egitea erabaki nuen. Gasteizek 260.000 lagun ditu, eta pentsatzen nuen agian bildumagileak ere izango zirela... Bi urte hauetan sorpresa onak eta txarrak izan ditut, eta ikusi dut beharbada kolekzionista kopuru handirik ez dagoela. Zaila da. Kulturan ezer ez da erraza, eta are zailagoa artean.

"Arte galeriaren zeregina jendea erakartzea, proposatzea, gerturatzea da... eta birus madarikatu honekin dena debekatu dute"

 

Konfinamenduak are gehiago murriztu ditu aukerak?

Bai, lehendik ere zaurituta zegoena jo du. Eta ez konfinamenduak bakarrik; hurrengo egoerak ere bete-betean jo gaitu. Arte galeriaren zeregina da jendea erakartzea, lanak ikusi, proposatzea, komentatzea, gertutasuna... eta birus madarikatu honekin dena debekatu dute, eta beldurra ere eragin du. Orain tratua egin eta alde egiten dute bisitariek; eta beste zerbait da arte galeria bat. Joan den ostiralean aurkeztu genuen Miriam Isasiren erakusketa, ekitalditxo bat egin genuen, eta nabaritu zen jende gutxiago gerturatu zela, eta elkartzeko beldurra dagoela. Azoka guztiak ere bertan behera geratu zaizkigu; iaz hiru azokatan izan nintzen –Bilbon, Orensen eta Logroñon– eta gutxi-asko mugimendu bat izaten da, baina aurten momentuz ez dago ezer.     

Zein izan daiteke arte galeriei bultzada bat emateko modua?

Elkarlana oso garrantzitsua da. Eta horretan Bilbon asmatu dutela uste dut; euren arteko elkarte moduko bat osatu dute eta jarduerak zein eskaerak ere batera egiten dituzte. Horretarako, ordea, hainbat galeria egon behar dira. Eta Gasteizen bakarrik nago, arte galeria tradizional moduan ezagutzen dugunaz behintzat; Artgia eta Zas moduko egitasmoak ere badaude, eta elkarlanean ere aritu gara, baina beste egitasmo batzuekin uztartzen dute horiek galeria.

Sareak aukerak eskaini ditzake?

Bai, eta orain asko mugitzen da bertan. Gu Interneten mugitzen gara, baina ez asko; aurkezten ditugun erakusketen eta artisten inguruko informazioa jasotzen dugu webgunean. Beharbada, egitasmoarekin aurrera begira egiteko modua izan daiteke. Halere, niri espazio fisiko hau eta eskaintzen dituen aukerak gustatzen zaizkit. Polita da artistak espazio honetan lanean ikustea euren erakusketak prestatzeko, eta eurekin batera gero bisitaldi gidatuak ere antolatzea gustatzen zait, obraren inguruko xehetasunak ezagutzea... hori Internetek ez du eskaintzen. Halere, beste alde batetik, ezagutuko ez zenituzkeen lanak ezagutzeko aukera ematen du Internetek, eta salerosketarako ere bide garrantzitsua da egun, eta agian aukera bat izan daiteke egitasmoarekin jarraitzeko.

Aitaren -Nestor Basterretxea- bildumarekin eman zenion hasiera galeriari...

Bai, eta Carmelo Ortiz de Elgea, Juan Mieg eta Jose Ramon Anda izan ziren hurrengoak. Argazki erakusketa bat ere izan genuen, eta belaunaldi gazteagoak ere igaro dira. Beti arte garaikideko lanak erakusgai izan arren, saiatu naiz munstro ezagunak, fakultatetik atera berri direnekin eta esperientzia gutxiagokoekin tartekatzen. Eta alor desberdinetakoak, gainera, diziplina ugaritakoak; aitak berak denetarik egin zuen, eskultura, zinema, diseinu industriala... eta aniztasun horren  isla ere izan da Talka. Obra batzuei lotutako pelikulak eskaini ditugu, liburu eta disko aurkezpenen bat ere bai...  "Talka" izenak berak dionez, zerbait proposatzen duzunean haustura bat izaten da beti; erromanikoan izan zen haustura hori, gotikoan... eta horretan ahalegindu gara galerian.   

Arteari begiratzeko garaian, nolako arrastoa utzi zizun aitak?

Beharbada aipatutako aniztasun hori nabarmenduko nuke. Kuriosoa da, baina berari arte kontzeptuala arrotza egiten zitzaion; instalazioak ez zituen ulertzen. Interesgarria bai, baina ez zuen ulertzen, eta alde horretatik klasiko bat zen. Halere, sortzen ziren gauza berriekin lotura zuen, eta askok jotzen zuten beragana horiek aurkeztera. Eta inguruan ginenok halabeharrez hori xurgatu dugu, konturatu gabe ia. Beharbada ez genuen zuzeneko harremana, baina nahi gabe barneratu dugu. Talka galeria horren isla ere bada; arte galeria batzuek XX. mendeko artista guztiei egiten diete lekua, eta hemen beharbada estuagoa da aukeraketa, bidea nahiko garbi izan dugu. Horrek ez du esan nahi, ordea, nire zalantzak ez ditudanik eta ekarri behar dudana aukeratzea zaila ez denik. Proposamen ugari izaten da, eta zaila izaten da erabakitzea; eta, noski, ez da beti nire gustoen araberakoa izaten.

Miriam Isasiren 'Kontserba pre-apokaliptikoak' erakusketaren ostean, nora joko du Talkak hurrengo hilabeteotan?

Plagaro artistarekin aurreikusita genuen hurrengo erakusketa. Baina momentuz atzeratu dugu. Hurrengo hilabeteak gakoa izango dira. Ez dakit irailetik aurrera nolako egoera izango dugun, eta Talkari eusteko gai izango naizen. Kontrakoa dirudien arren, arte galeria batek gastuak ditu: alokairua, autonomoa... Eta ez da erraza. Zer gertatuko den? Ez dakigu, baina ez naiz oso baikorra. Irailean galeria ixtea aukera bat izan daiteke. Alde horretatik nahiko ezkor nago, baina pentsatzen dut momentu honetan beste asko dauden bezala. Eta pena handiarekin esaten dut, proiektu polita delako Talka eta gustatzen zaidalako, baina mirari bat beharko litzateke.

Miriam Isasiren erakusketa ikus daiteke Talka galerian. / E. Anda

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago