Normaltasun berriak ezarritako irizpideen arabera, ostiral honetan hasiko da Gasteizko Udala haurrentzako 220 jolastokiak irekitzen, baina "pixkanaka" egingo du; aldez aurretik desinfektatu egingo dira. Hain zuzen ere, atzo hasi ziren garbiketa lan bereziak, eta hurrengo egunetan jarraituko dute.
Udalak gogorarazi du zigilatuta ez dauden parkeak bakarrik erabil daitezkeela oraingoz, horiek baitira dagoeneko desinfektatu direnak.
Gainera, segurtasun distantziari eta gehieneko edukierari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak argitaratutako gomendio sanitarioak bete behar dira: hau da, 4 metro koadroko eremua errespetatu behar da ume bakoitzarentzat. Kartelak jarriko dituzte haurren jolastokietan, aipatutako segurtasun neurriak gogorarazteko.
Aire zabaleko kirol-eremuak eta skate-parkeak ere irekiko dira egun hauetan, baldintza eta gomendio berberekin.