Koronabirusa

Araba normaltasun berrira iritsi da

Erredakzioa 2020ko eka. 18a, 13:32

Araba 'normaltasun berrian' sartuko da ostiralean. / ALEA

Eusko Jaurlaritzak amaiera eman dio osasun larrialdiaren dekretuari, eta ostiral honetatik aurrera "normaltasun berrian" sartuko dira Araba eta EAEko beste lurraldeak. Nolakoa izango da etapa berria?

Ostiral honetako 00:00etatik aurrera deseskalatze-prozesuaren hirugarren fasearen amaiera iritsiko den arren, hainbat murrizketa mantenduko dira etapa berri honetan. Eta, jakina, koronabirusaren hedatzea zein balizko agerraldi berriak saihesteko gomendio orokorrak jarraitu beharko dira.

"Prebentzio neurriak mantendu egingo dira, behintzat txertoa lortu arte", azpimarratu dute Eusko Jaurlaritzako bozeramaileek: "Ez gara erabateko normaltasunera igaroko".

0. Gomendio orokorrak

Osasun krisiak jarraitzen du, eta orain arteko irizpide eta gomendio orokorrak gogoratu beharra dago, Covid-19aren hedatzea saihesteko:

  • Metro bat eta erdiko segurtasun distantziari eustea.
  • Eskuak maiz garbitzea, xaboiarekin edo gel hidroalkoholikoarekin.
  • Eztul edo doministiku egitean aurpegia besoarekin estaltzea.
  • Koronabirusaren sintomak nabaritzekotan, edozein jarduera saihestu, etxean geratu, besteengandik isolatu, eta 900 20 30 50 telefonora deitu.
  • Derrigorrezkoa Garraio publikoan eta espazio itxietan.
  • Segurtasun distantzia mantendu ezin denean, espazio irekietan ere derrigorrezkoa izango da.
  • 100 euro arteko isunak derrigorrezko lekuetan ez erabiltzeagatik.
  • Kasu guztietan, gomendagarria da maskararen erabilera.

2. Mugigarritasun askea

  • Mugigarritasun mugagabea EAEko lurraldeen artean, orain arte bezala.
  • Ostiraletik aurrera, Kantabriako muga irekita egongo da.
  • Astelehenetik aurrera, mugigarritasunari ezarritako muga guztiak desagertuko dira; hortaz, arabarrek hirugarren fasea gainditu duten beste lurraldetara joan ahal izango dira askatasunez.
  • Ordu-tarte guztiak desagertzen dira.

3. Aire zabaleko kirol lehiaketak, ekitaldiak eta ikuskizunak

  • Gehienez edukieraren %60ra mugatuta.
  • Gehienez 1.000 pertsona.
  • Publikoa eserita beti.
  • Aurrez esleitutako eserlekuak.
  • Bizikideek ondoko aulkietan eserita egoteko aukera dute.

4. Beste neurriak

  • Haurrentzako parkeak: 4 metro koadroko eremua, pertsona bakoitzarentzat.
  • Igerilekuak: %60ko gehieneko edukiera.
  • Diskotekak: dantza-pistarik gabe eta %60ko edukierarekin.
  • Ostalaritza eta merkataritza: edukiera-muga desagertzen da, baina 1,5 metroko distantziari eutsi beharko zaio.
  • Beilatokiak: 30 pertsona espazio itxietan eta 75 espazio irekietan.
  • Gurtzarako guneak: 75 pertsona.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago