The Offspring, Turbonegro eta Los Zigarros, 2021eko ARF jaialdiaren nobedadeen artean

Erredakzioa 2020ko eka. 18a, 11:43

Kalifornian 1984an sortutako The Offspring punk taldea Gasteizen izango da 2021ean.

The Offspring, Turbonegro, Los Zigarros, Drive-By Truckers, The Steepwater Band, The Wildhearts, DeWolff eta Ray Collins Hot Club taldeak konfirmatu ditu 2021eko Azkena Rock jaialdiak. Eta asteburu honetan Sofa Edition egingo dute, online.

2021eko ekainera arte ez da ospatuko Azkena Rock jaialdiaren hemeretzigarren edizioa, baina hiru eguneko egitarauarekin ospatuko dute 20. urteurrena. Datorren urteko ekainaren 17an, 18an eta 19an izango da, Mendizabalan.

Aurtengo ediziorako aurreikusitako artista-zerrenda osoa 2021. urtera atzeratzeko aukera aztertzen ari dira, eta, bitartean, talde berriak gehitu dituzte kartelera. Izan ere, ostegun honetan, jaialdiak bere sare sozialen bitartez iragarri ditu 19. ediziora batu diren taldeak.

2021eko kartelak mantendu egingo ditu: Drive-By Truckers, The Steepwater Band, The Wildhearts, Dewolff eta Ray Collins Hot Club. Horrez gain, hiru berrikuntza gehitu zaizkio: The Offspring, Turbonegro eta Los Zigarros.

Aurretik iragarritako taldeei -besteak beste, Iggy Pop, Patti Smith, Brian Wilson, Social Distortion, Suzi Quatro eta L7- gehitu zaizkie gaur iragarritako zortziak. 2021eko ediziorako sarrerak dagoeneko salgai jarri dituzte jaialdiaren webgunean:

  • 3 eguneko bonua: 145 euro + gastuak.
  • 3 eguneko bonua + kanpina: 160 euro + gastuak.
  • Kanpina 4 gau: 15 euro.

Beheko kartelean dituzue orain arte konfirmatutako banda guztiak:

Sofa Edition

Ostegun goizean aurkeztu dute Azkena Rock jaialdiaren Sofa Edition. Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok, Kultura eta Kiroleko foru diputatu Ana del Valek eta Last Tourreko CEO Alfonso Santiagok parte hartu dute online prentsaurrekoan.

Osasun krisia zela eta jaialdia atzeratu ondoren, Azkena Rock jaialdiak online edizio berri bat iragarri du, eta streaming bidez jarraitu ahal izango da Azkena Rock jaialdiaren webgunean eta YouTube kanalean, ekainaren 19an eta 20an.

Gauero, bost orduz, jaialdiaren 19 urteetan grabatutako kontzertu historikoen aukeraketa bat eskainiko dute. Orobat, taula gainean izan diren emanaldi legendarioak ikusi eta entzungo dira, jaialdiaren jarraitzaileek gehien gogoratzen dituztenak: Turbonegro edo The Screamin' Cheetah Willies, 2004ko edizioan; eta The Soundtrack Of Our Lives, 2009koan.

Gainera, Azkena Rock jaialdiaren Sofa Edition honetarako bereziki grabatu dituzten kontzertu esklusiboak ere entzungo dira.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago