Koronabirusa

Azkena Rock jaialdia 2021era atzeratu egin dute

Erredakzioa 2020ko mai. 13a, 10:30

2021ean egingo da Azkena Rock jaialdiaren 19. edizioa. / ARF

2021eko ekainera arte ez da ospatuko Azkena Rock jaialdiaren hemeretzigarren edizioa Mendizabalan. Hala ere, izen mitiko bat gehitu dute zerrendara: Iggy Pop.

"Ez zuen technoak lortu, ezta reggaetoiak ere... baina badirudi koronabirus madarikatu honek lortuko duela", azaldu du jaialdia antolatzen duen Last Tourrek ohar baten bidez. Covid-19aren krisiaren ondorioz, 2021eko ekainera arte itxaron beharko du jaialdiak.

Jaialdiko ikusentzuleak izan dira berria jaso duten lehenengoak, eta edizio honetarako bonua edo sarrera erosi dutenei Last Tour zuzendu zaie oharrean: "Maite zaituztegu, eta lotura estu-estua sentitzen dugu zuekin guztiekin; gure animo eta indar guztia zuentzat", adierazi die.

"Ahalik eta baikorren" izaten saiatu direla azaldu du Last Tourrek, jaialdia egin ahal izateko. Baina, azkenik, konfinamendua luzatzeak nazioarteko artista asko etortzeko aukera zaildu duela onartu dute.

Aurtengo ediziorako aurreikusitako artista-zerrenda osoa 2021. urtera atzeratzeko aukera aztertzen hasi dira, eta datorren urteko ekainaren 17an, 18an eta 19an hiru eguneko Azkena Rock jaialdia ospatuko da Gasteizen, hemeretzigarren edizioan. 

"Artista ia guztiek erabateko enpatia eta jarrera ona" agertu dutela azaldu du Last Tourrek, eta dagoeneko hainbat taldek baieztatu dute 2021ko edizioan parte hartuko dutela:

  • Black Mountain
  • Brian Wilson
  • Fu Manchi
  • Iggy Pop
  • L7
  • Liher Lysistrata
  • Patti Smith
  • Reverend Horton Heat
  • Robyn Hitchcock
  • Shooter Jennings
  • Social Distortion
  • Suzi Quatri
  • The Faithless
  • Wicker Wizzard

Erositako bonuekin zer?

Bonuak eta sarrerak iragarritako data berrietan erabiltzeko aukera emango dute, hirugarren eguna barne; baina norbaitek ezin badu joan, edo ez badu nahi, dirua itzultzeko eskatzeko aukera izango du, maiatzaren 18tik 31ra bitartean.

Babes ekonomikoa

"Galera nabarmenak" izango dituela aurreikusi du Last Tourrek, inbertsio handiak egin baititu produkzioan, sustapenean, garapenean, bidaietan eta bestelako gastuetan. Hortaz, bonua edo eguneko sarrerak ez itzultzea eskatu dute, "bideari berriro ere ekitea" errazteko.

Izan ere, saldutako sarrera bakoitzetik 5 euro jaialdiko lantaldeari laguntzeko izango dira: runnerrak, hospitality, teknikariak, produkzioa, stage managerrak eta abar. Bildutako diruaren %50 profesional horientzat izango da, eta beste %50 Arabako Elikagaian Bankura bideratuko dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago