Judimendiko jaiak ospatzeko prest, Udalak espazio publikoa erabiltzea debekatu arren

Erredakzioa 2020ko eka. 17a, 10:00
Aurten ere San Juan gaueko sua piztuko dute Judimendin. / IREKIA

Gasteizko Udalak espazio publikoaren erabilera debekatu egin du Judimendiko jaiak ospatzeko, ekintzek segurtasun neurriak betetzen ez zituztela argudiatuta. Ados ez dagoela adierazi du jai batzordeak, eta jaiak beste modu batean ospatuko dituzte.

Zalantzarik gabe, ezohiko uda izaten ari da jaiak ospatzekoak ziren herri eta auzoetan. Pandemiaren unerik gordinenek lekua utzi diote "normaltasun berriari", baina leku askotan talka azaleratu da jaiak segurtasunez ospatzeko nahiaren eta erakunde publikoen segurtasun neurrien artean.

Azken kasua Judimendi auzoan dugu: egun hauetan ospatu ohi dira jaiak urtero, ekainaren 23ko San Juan gaueko sutearen aurreko edo osteko egunetan. Izan ere, jai batzordeak ohar batean azaldu du asteak eman dituztela jaiak egoera berrira moldatzen eta beharrezkoak ziren segurtasun neurriak betetzen zituen egitaraua osatzen. Udalak, ordea, espazio publikoaren erabilera ukatu dio.

"Auzokideontzat aisialdirako, sozializaziorako eta hilabete hauetan pairatutako egoeraren zapore garratza leuntzeko aukera ematen zuen programa oparoa prestatu genuen arren, Udalaren debeku borobila jaso dugu, eskaintzen genituen aukerak eta protokoloak aztertu gabe", deitoratu du Judimendiko jai batzordeak.

Ez da lehenengo tirabira Judimendiko jai batzordearen eta Udalaren artean. / ALEA

 

Jaiak berrasmatzen

Hala ere, ez dira geldirik egongo, eta, "zailtasunak zailtasun", hainbat aisialdi ekintza aurrera eramango dituztela iragarri dute. Gainera, larunbatean eta asteartean, "kulturak pairatzen duen zapalkuntza" salatzeko eta jaien debekuen kontrako mobilizazioak deitu dituzte: "Debekuen aurrean, historiako jai aldarrikatzaileenak izango dira", ohartarazi dute.

Azaldu dutenez, Judimendiko jai batzordeak argi zeukan krisi sozio-sanitarioaren aurrean, jaiak urtero bezala ospatzea "ezinezkoa" izango zela. Azken sei hilabeteak eman dituzte biltzen, "egoerara eta baldintza berrietara" moldatuz. Orain dela aste batzuk, beste auzo batzuetako jai batzordeekin batera ohar bateratua plazaratu zuten, jaiak berrasmatzeari ekingo ziotela aurreratuz.

"Guretzako ere pertsonen osasuna lehen lerroan jartzea ezinbestekoa da", azpimarratu dute. Duela hilabete baino gehiago hasi zen deseskalatze-prozesua, eta, azaldu dutenez, "auzoko jai herrikoiak auzokideentzat argi izpi" bihurtzeko itxaropena zuten.

Debekua

Osasuna arriskuan jarriko ez zuten ekintzak prestatzen hasi zirela diote, "bakoitzari zegokion protokolo eta arau zehatzekin". Gainera, "kontsumoa eta alkohola oinarri izango ez zituen eskaintza kultural eta herrikoi anitza" eskaini nahi zioten auzoari.

Salatu dute hilabete hauetan Udalarekin harremanik ez dela egon, eta, hala ere, proiektua aurkeztu ostean, bere erantzuna espazio publikoa erabiltzeko debekua izan dela: "Euren lehentasuna espazio publiko hori hiriko ekonomia sustatzeko erabiltzea dela diote agirian".

"Badirudi auzokideok espazio publiko hori erabiltzeko dugun eskubidea ez duela garrantzirik haientzat", deitoratu dute. Oharrean argitu dutenez, auzoko taberna zein saltokien ekonomia sustatzearen alde daude; izan ere, duela gutxi Lokal lokal(ak) egitasmoa martxan jarri zuten auzoan. Baina "aitzakia bezala" ez erabiltzea eskatu diote Udalari, antolatutako ekintzek ez dutelako terrazen erabilera oztopatzen.

Egitarau alternatiboa

Debekuaren ondorioz, hitzordu asko hurrengo urterako gorde dituzte, baina aurtengo jaietan ere egitarau zabala prestatu dute. Besteak beste, jaietako egun guztietan auzoko beste garaietako argazkiekin jantziko dituzte kaleak, "auzoko memoria kolektiboa hauspotzeko". Tabernetan argazki horiekin osatutako bideo bat eta auzoko nagusienek prestatu dituzten oroitzapenak egongo dira ikusgai. Horrez gain, umeentzako jokoak antolatuko dituzte auzoko plazetan.

Ostiral arratsaldean txupinazoarekin eta burrunbada batekin hasiera emango diete jaiei.

Larunbatean, ordea, hainbat ekintza antolatu dituzte: Eta zu zeren beldur zara? performancea ARTgian; ondoren, Gazte Eguna ospatuko dute; eta 19:00etan manifestazio bat abiatuko da Sefarad plazatik, Sutan kultura, zugan kultura lelopean.

Igandean, Batera zaintza sare herritarraren eskutik hausnarketarako tartea irekiko dute: neurolinguistikako programazioa lantzen duen tailer batean, azken hilabete hauetako egoera, beldur eta sentimenduak landuko dituzte. Astelehenean, arnasketa lantzeko tailerra egingo dute.

Eta, azkenik, asteartean, jaietako egun berezia den ekainaren 23an, Judimendiko Gazte Asanbladaren 20. Urteurrena ospatzeko ekitaldiaz gain, udako solstizioari ongi etorria emango diote Auzokideon Sugarra kalejirarekin: momotxorro eta zanpantzarrak, dantzariak eta muskiariak... abiatuko dira Sefarad plazatik, sua piztera.

Argitu dutenez, egingo diren jarduera guztietan segurtasun neurriak bermatuko dituzte, eta maskara eramatea gomendatu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide