"Auzoko komunitatea saretu" nahi dute Judimendi auzoko gazteek, eta horretarako indarrak batu dituzte bertako saltoki txikiekin eta Batera zaintza sare herritarrarekin. "Konfinamendu aurreko egoera zaila zen, eta alarma egoerak are gehiago ezegonkortu du", azaldu dute egitasmoa aurkezteko zabaldu duten oharrean.
Gaur egun tokiko merkataritza gainbeheran dagoela diote, eta azken hamarkadetan auzoko dendak ixten joan direla ohartarazi dute: "Supermerkatu handiak eta multinazionalen dendak ireki izanak, gure kontsumitzeko ohiturak aldatzearekin batera, oso zaila egin dute lokal txiki horien biziraupena", deitoratu dute.
"Tokiko denda txikiek irudikatzen duten eredua eta auzoko ekonomia" bultzatu nahi dituzte, "merkataritza txikia komunitatea sortzeko aktibo bat" dela uste dutelako.
Judimendiko bizilagunei dei egin diete bertako saltokietan kontsumitzeko. Gainera, Lokal lokal(ak) dinamikarekin bat egitera gonbidatu dituzte auzoko merkatariak eta ostalariak; lokalokalak.judimendi@gmail.com helbide elektronikoa sortu dute harremanetarako.