Osasun krisiaren ondorioz hilabete baino gehiago atzeratu da irekiera, baina Gasteizko Udalak baieztatu du Gamarrako eta Mendizorrotzeko igerilekuak uztailaren 1ean irekiko direla; baita Aldabe, Hegoalde eta Ibaiondoko igerileku estaliak ere. Arabako beste igerileku batzuek data bera aukeratu egin dute irekitzeko: besteak beste, Guardiak eta Eltziegok.
Ekainaren 8an Bakh ireki zen, eta 12tik aurrera La Peña Vitorianan ere igeri egin daiteke. Estadioak ere aurreikusi du uztailaren 1etik aurrera hartuko dituela lehen bainulariak.
Mendizorrotza eta Gamarraren kasuan pilaketak saihesteko, legez ezarritakoa (%60) baino edukiera txikiagoarekin egingo da. Gamarra irailaren 6ra arte egongo da zabalik, eta Mendizorrotza irailaren 20an itxiko dute.
Bi txanda egongo dira: goizez, 8:30etik 14:30era; eta arratsaldez, 15:30etik 22:00etara. Instalazioak ordubetez itxiko dituzte eguerdian, garbitzeko. Eta instalazioetara sartzeko eta irteteko maskara erabili beharko da, baita eraikinetan eta komunetan sartzerakoan.
Jarduera bainura mugatuko da, eta espazio gehienek itxita jarraituko dute; adibidez, aurten txirristak ez dira martxan egongo. Bestalde, zirkuluak margotuko dira, bazkideak horietan kokatu ahal izateko.
Uztailaren 1etik 12ra bitartean, fase pilotua izango da: bakarrik bazkideek izango dute sartzeko aukera, eta edukiera gehienez 1.500 pertsonakoa izango da instalazio bakoitzean.
Pixkanaka, edukiera handitzen joango da: udan zehar 3.000 pertsonako edukiera egongo da Mendizorrotzean, eta 3.400 pertsonakoa Gamarran.
Aldez aurreko hitzordua
Goizeko edo arratsaldeko txandaren erreserbak udalaren webgunean eta 010 telefono zenbakian egin beharko dira: astelehenetik ostegunera, aurreko ostiraletik eskatuta; eta ostiraletik igandera, aurreko asteartetik aurrera eskatuta.