Koronabirusa

Arraia-Maeztuko bizilagunak igerilekuak itxita mantentzeko erabakiaren aurka

Erredakzioa 2020ko eka. 16a, 18:37

Arraia-Maeztuko udal igerilekuak. / ANDONI O.

Udalak azaldu du talde politiko guztiek ekainaren 3an adostu zutela Arraia-Maeztuko igerilekuak itxita mantentzea, gune hori "berme guztiekin" irekitzeko baliabideak ez dituztelako. Bitartean, sinadura bilketa abiatu du bizilagun talde batek.

Zalantza ugari sortu dira Arraia-Maeztuko bizilagunen artean, eta astearte honetan bando bat argitaratu du Udalak, "sakon aztertutako erabakia" azaltzeko. Hala ere, "guztiontzat mingarria" dela onartu du Anartz Gorrotxategi Elorriaga alkateak.

Bandoan azaldu duenez, Arraia-Maeztuko udalbatza osatzen duten talde politiko guztiek igerilekuak "berme guztiekin" irekitzeko baliabideak ez dituztela ondorioztatu zuten ekainaren 3an egindako osoko bilkuran; eta, beraz, igerilekua itxita egongo dela erabaki zuten.

"Gaur egungo egoera, mehatxatzen gaituen birusa dela eta, ez da egokia aisialdirako erabiltzen diren instalazioak irekitzeko, ezta osasun-agintariek ematen dizkiguten gomendio guztiak beteta ere", azaldu du Udalak. "Ulertu behar dugu igerilekuak leku publikoak direla, eta jende asko biltzen dela; beraz, birusa kutsa eta zabal daitekeen lekuak dira".

Halaber, Udalak dei egin die herritar guztiei "kontuz ibiltzeko" eta biztanle zaurgarrienak babesteko: "Gure betebeharra, guztiona, birusaren aurrean erne jarraitzea da".

Udalak erabaki du Zumalde parkeko aisialdirako guneak zabalik jarraituko duela, doan, urte osoan bezala; baina ez, ordea, igerileku-ontziak ezta taberna ere. Aparkalekuari dagokionez, edukiera %50era mugatu dute, pilaketak saihesteko.

Sinadura bilketa

Bitartean, sinadurak jasotzen ari da Arraia-Maeztuko bizilagun talde batek, Udalak erabakia berriz azter dezan eta uda honetan igerilekuen zerbitzua eskain dezan. Sinatzeko orriak Korreseko tabernan, Maeztuko tabernetan eta Mendialdeko Ogia okindegian jarri dituzte eskuragarri.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago