Orain Gasteiz

Gasteizko zenbait kaletan zabaldutako espaloiak lehengoratuko dituzte

Erredakzioa 2020ko eka. 16a, 10:25

Artapadura kalean gaitutako bidegorria. / GASTEIZKO UDALA

Gasteizko Udalak lehengoratu egingo ditu hainbat kaletan behin-behinean zabaldu ziren espaloiak. Espazio Publikoaren Sailak Artapadura kaleko bidegorria egin du dagoeneko, eta Legutioko Atekoarekin hasi da, Orain Gasteiz planaren barruan.

Deseskalatze prozesuan zehar, zenbait kaletako espaloiak zabaldu ziren, baina azken egunetan trafikoa berriro handitzeak zailtasunak eragin ditu zirkulazioan. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak Ramiro Maeztu eta Domingo Beltran kaleetan esku hartu du jada.

Alarma egoera amaitzen denean -ekainaren 21ean- kendu egingo dituzte zenbait kaletan oinezkoen behin-behineko espaloiak mugatzeko jarri ziren piboteak eta hesiak; zehazki, Manuel Iradier, Florida, Frantzia eta Ortiz de Zarate kaleetan. Zadorra hiribidean, ordea, erreietako batek itxita jarraituko du, oinezkoen eta bizikleten mugikortasuna errazteko, URA inguruan egiten ari den lana bukatu arte.

Bestalde, aurrera jarraitzen dute Orain Gasteiz planaren barruko lanek: adibidez, zortzi kilometro bizikleta-bide sortzeko obrei dagokienez, ia osorik egin da Artapadura kaleko bidegorria. Gainera, aste honetan zehar Gamarrako Ateko lanak hasiko dira, Kantabrikoaren hiribidea eta Zadorra hiribidea lotzeko.

Azkenik, Legutioko Ateko bidegorria gaitzeko obrak astelehenean hasi dira, eta Ozeano Barearen kalean ere hurrengo egunetan hasiko da esku-hartzea.

Artapadura kalean gaitutako bidegorria. / GASTEIZKO UDALA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago