Espazio Publikoaren Plana
Gasteizko Udalak 400.000 euro inbertituko ditu Espazio Publikoaren Plana gauzatzeko. Espaloien azalera 8,5 kilometrotan handituko du, 8 kilometro gehituko zaizkio egungo bidegorrien sareari, eta super-etxadien garapenarekin jarraituko du.
Gorka Urtaranen udal gobernuak espazio publikoa berrantolatzeko proiektua martxan jarri du aste honetan, Orain Gasteiz planaren barruan. 2020an zehar garatuko den proiektuak espaloien zein bidegorrien azalera handitzeaz gain, egokitzapenak egingo ditu hiriko 88 kaletan, oinezkoen arteko segurtasun tartea bermatzeko asmoz.
Gasteizko ia auzo guztietan ehun jarduera baino gehiago egingo dituzte, hiria normaltasun berrira egokitzeko: "Osasuna babestea, gizartearen ongizatea bermatzea eta tokiko ekonomia babestea dugu helburu, eta horiek lortzeko, lehentasunezkoa da gure kale eta plazetan jardutea" azaldu du Amaia Barredo Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotziak.
400.000 euroko inbertsioa hiru eremutan
Neurri gehienak aldez aurretik jasota zeuden Mugikortasun eta Espaziok Publikoko planean, baina egoerak baldintzatuta eta osasun krisiari erantzuteko, lanen gauzatzea lehenestea bilatu du Udalak. Ekintza hauen bitartez "espazio publiko berriak leku gehiago emango die oinezkoei, erosoagoa izango da, eta merkataritza dinamizatzen lagunduko du", zinegotziaren esanetan.
Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana oinarri hartuta, 400.000 euroko inbertsioa egingo du Gasteizko Udalak, eta hiru eremutan diseinatu dira neurriak: oinezkoak ibiltzeko espazioen hobekuntza, bizikleta-konexioak lantokietara eta industrialdeetara, eta azken hamarkadan identifikatutako super-etxadietan trafikoa baretzeko egokitzapenak.
Espaloi zabalagoak: 8,5 kilometro
Horretarako, leku gutxi duten eta jendetza biltzen den espazioetan oinezkoentzako espaloiak zabaldu egingo dira 8,5 kilometro. Dagoeneko izaera horretako lanak burutu dira Manuel Iradier, Florida, Frantzia, San Antonio eta Ortiz de Zarate kaleetan, besteak beste.
Aste honetatik aurrera, antzeko esku-hartzeak egingo dira beste zenbait kaletan ere, oinezkoen espazioa lehenesteko: Domingo Beltran, Ramiro de Maeztu, Tomas Zumarraga Dohatsua, Herrandarrak, Done Jakue hiribideko zubia, Bake kalea eta Zadorra hiribidea.
Bizikleta-konexioak: 8 kilometro
Bigarrenez, hiriko lantoki eta industrialdeetarako bizikleta-konexioak hobetzeko alternatibak ezarriko dira, bidegorri berriak eraikiz eta egungo bideetan noranzkoak egokituz. Guztira 8 kilometro gehiago izango dira erabilgarri.
Bizikleta-bide berriak sortu edo zirkulazio-bideak bidegorri bihurtuko dira Ozeano Barea, Bremen, Dusseldorf, Zurrupitieta eta Artapadura kaleetan, Oto hiribidean, eta Gamarrako zein Legutioko ateetan.
Super-etxadiak auzo guztietan
Azkenik, Mugikortasun Planean jasotako super-etxadien garapenarekin jarraitzea lehenetsiko da, aurreikusitako lanak aurreratuz horietako %30ean.
Datozen hilabeteetan garatuko dira lan horiek, eta, aurretik, trafikoa murriztuko da eremu horietan: seinaleztapen-lanak egingo dira oinezkoei lehentasuna emateko, eta trafikoa orduko 20 kilometrora mugatuko da.
Esku-hartze horiek bi fasetan egingo dira: lehen fasea 64 kalek osatuko dute, ingurabide zaharraren barruan eta Zabalganean; bigarrena, berriz, Abetxukuko, Lakuako eta Salburuko beste 24 kaletara zabalduko da.
Beste neurri batzuk
Neurri nagusi horien osagarri, beste zenbait jardueraren berri ere eman du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotziak. Alde batetik, Trafiko Zerbitzuak 2 metroko distantzia gorde behar dela ohartarazteko mezuak margotu ditu hiriko oinezkoentzako dozena bat pasabidetan.
Bestalde, 74 bizikleta-aparkaleku eramangarri jarriko dira hiriko hainbat tokitan. Joan den ostiralean hasi ziren elementu horiek instalatzen, hiriko osasun-zentroetan, ospitaleetan, industrialdeetan eta gune jendetsuetan.
2,7 milioi euro ekonomia suspertzeko
Ekonomia Sustapenaren Sailak bere aurrekontua birformulatu du, eta, aste honetan ere, 2,7 milioi euroan balioetsitako Gasteizko Ekonomia Suspertzeko Planaren bidez tokiko merkatari, ostalari eta enpresei lagunduko diela iragarri du. Lehen alkateorde Maider Etxebarriak hamar neurri iragarri ditu koronabirusak tokiko sare ekonomikoan izandako ondorioei aurre egiteko.
Segurtasun-materiala eskuratzeko, lokalak modernizatzeko, merkataritza digitalaren aldeko apustua egiteko, enplegua mantentzeko eta Gasteizen turismoa sustatzeko laguntzak izango dira. Planak hamar ekintza biltzen ditu, bost ardatzetan banatuta:
-
Segurtasun-materiala erosteko aparteko laguntzak: 750.000 euro hamar langile baino gutxiago dituzten enpresa txikientza. Gastuen artean daude maskarak, eskularruak, aurpegia babesteko pantailak, manparak, prebentzioko eta higiene sanitarioko materiala eta instalazioak desinfektatzeko materiala, hala nola gel edo xaboi desinfektatzaileak.
-
Tokiko saltoki txikien eta ostalaritzaren defentsa: 445.000 euro 50 langile arteko negozioentzat. Hiru motatako laguntzak egongo dira: hiriko merkataritza enpresa txikien modernizaziorako laguntzak (220.000 euro), ostalaritza-establezimendu txikientzako laguntzak (125.000 euro), eta murgiltze digitala zein online merkataritza sustatzeko laguntzak (100.000 euro).
-
Tokiko enpresa-sarea indartzea: 1.012.300 euro. Diru gehiena (700.600 euro) Gamarrako atearen zati bat eraberritzeko erabiliko da, Industria Mahaian parte hartzen duten eragile ekonomikoek hala eskatuta. Horrekin batera, 10 langile arteko enpresak sortu eta finkatzeko laguntzak (126.700 euro) eta ekintzailetza-bekak (85.000 euro) ere eskainiko ditu atal honek. Azkenik, ikus-entzunezko sektorerako laguntzak mantentzea erabaki dute (100.000 euro).
-
Enpleguari eusteko laguntza: 450.000 euro 10 langile edo gutxiagoko enpresetan alarma egoeraren aurreko enplegua berreskuratzen laguntzeko. 2.000 euro emango dira berreskuratutako lan-kontratu bakoitzeko, eta gehienez 6.000 euroko laguntza emango zaio enpresa bakoitzari.
-
Gasteizko turismo-sustapena: 40.000 euro Gasteizen turismoa sustatzeko eta horrekin lotutako produktuak sortzeko. Turismo-zerbitzuak ematen dituzten edo turismo-sektorean eragina duten mikroenpresak edo autonomoak izan daitezke hartzaile, gutxienez langile bat eta gehienez 10 dituztenak.
Laguntza-ildo bakoitzaren epeak irekitzeari dagokionez, Udalak deialdi bakoitzaren berri emango du.
Ahulenak babesteko gizarte politikak
Azkenik, Gizarte Politiken Sailak "gizarte-ezkutu" bat aktibatuko duela iragarri du ostegunean. Jon Armentia zinegotziak "pertsona eta familia ahulenek Covid-19aren ondorioei aurre egin ahal izateko" hainbat neurri azaldu ditu.
Kontingentzia sozialeko Gizarte Neurrien Planak 11 milioi euro (aurreikusitakoa baino 2 milioi euro gehiago) bideratuko ditu gizarte-larrialdietarako laguntzetara eta udal laguntzetara. Eta 21 Zabalgunearekin batera, alokairuko etxebizitzen programa bat jarriko du abian, ahultasun-egoeran dauden familientzat.
Kontingentzia plan berri hau Orain Gasteiz planaren barruan dago, eta zazpi ekintza-ildo proposatu ditu:
- Krisi ekonomikoak eragindako familiei arreta ematea: 11 milioi euro bideratuko dira aurten gizarte-larrialdietarako laguntzetara eta udal laguntzetara. Horrekin batera, egoera ahulean dauden familientzat alokairuko etxebizitzen programa bat martxan jarriko dute; alokairuak egonaldi luzekoak izango dira —5 eta 7 urte bitartekoak, salbuespenak salbuespen—, eta 21 Zabalguneak erabilgarri dituen etxebizitzekin lotuta egongo dira. Familia horiek etxegabetze-prozedura batean sartuta egon beharko dute, eta prozedura horren arrazoia ez da izango alokairua ez ordaintzea. Gainera, etxebizitza publikoaren eskatzaileak izan beharko dute, etxebizitzaren alokairua ordaintzeko diru-sarrera nahikoak izan beharko dituzte, eta etxeko antolaketarako trebetasunak izan beharko dituzte, tutoretzarik edo ikuskapenik behar ez izateko.
- Adinekoentzako baliabideak egokitzea. Adineko pertsonentzako baliabideak errealitate berrira egokitzeko, etxebizitza komunitario berriak eraikiko dira Hedegile kalean, egungo Aurora zainpeko apartamentuetan. Proiektu berria aurten idatziko da, eta 2021ean gauzatuko, 650.000 euroko aurrekontuarekin. Etxebizitza berri horiek, garai bateko Los Molinos eta Aurora egoitzetan egindakoei gehituko zaizkie. Bestalde, gizarte zerbitzuak lanean ari dira eguneko arreta-zerbitzuak berrantolatzeko, "lehenbailehen irekitzeko, edukiera, distantzia soziala, espazioen egokitasuna eta osasun-segurtasuna bermatuko duten arreta-txandak kontuan hartuta", azaldu du Gizarte Politiken zinegotziak.
- Bakarrik edo isolatuta bizi diren pertsonen jarraipena. Adinekoei segimendua eta lagun egiteko dispositiboak martxan jarraituko du adinekoen zentro soziokulturalen jarduera eta programazioa berreskuratzen ez diren bitartean. Halaber, adinekoei banakako laguntza emateko proiektu bat garatuko da; zainketa eta lotura plan bat ere ezarriko da, besteak beste teknologia berriak gehiago erabiltzeko, eta Hiri Errukibera proiektua gauzatuko da, Vivir con Voz Propia kolektiboarekiko lankidetzan.
- Etxez etxeko laguntza-zerbitzua indartzea. Gizarte-zerbitzuen kontingentzia-planaren laugarren jarduera-ildoan etxez etxeko otordu-zerbitzua indartzea agertzen da, pandemian ahultasun-egoerei erantzuteko martxan jarri diren laguntzei jarraipena emateko. Gizarte Politiken Sailak egunean 50 menu gehiago ematea kalkulatu du. Era berean, Etxean zaintzen ikasten programa berriro martxan jartzea aurreikusi da.
- Bizitegi-bazterketako egoeran dauden pertsonei arreta ematea. Jon Armentia zinegotziak iragarri duenez, harrera dispositibo bereziek behar adina denbora iraungo dute. "Gaur egun, 57 pertsona daude Lakuan eta Pio Barojan; horiek balioesten ari gara, eta ibilbideak zehaztuko dizkiegu, arreta jasotzen jarrai dezaten, gizarteratze aldera". Era berean, harrera-baliabideak indartuko dira, osasun-gomendioetara egokitzeko: gizarte-distantzia, edukierak, eta abar.
- Haurrei eta nerabeei arreta ematea. Haur eta nerabeen arloan, normaltasuna itzultzen ez den bitartean, pandemiari aurre egiteko sortutako gizarte- eta hezkuntza-dispositibo bereziak jarraituko du. Horien osagarri, errefortzu eta laguntza emozionaleko programak egingo dira. Bestalde, haur-pobreziari aurre egingo zaio Haurren eta Nerabeen II. Planaren bidez, haren ildo estrategikoetako bat garatuz: ekitatea, haurren desberdintasunaren ondorioak minimizatzeko.
- Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei eta LGTBI kolektiboari arreta ematea. Udaleko gizarte-zerbitzuek covid-19aren ondorioei aurre egiteko planteatutako "gizarte-ezkutuaren" zazpigarren eta azken ekintza-ildoak prestakuntzaren aldeko apustua egiten du indarkeria matxistari eta LGTBI kolektiboaren aurkako indarkeriari heltzeko. "Zaurgarritasun handiko garai batean gaude eta arreta hori hobetu nahi dugu", azaldu du zinegotziak. Hori dela eta, udaleko gizarte-zerbitzuetan zuzeneko arreta ematen duten 80 profesionalek genero-indarkeriari buruzko prestakuntza jasoko dute online. Gainera, Berdintasun Zerbitzuko profesional batek genero-ikuspegia txertatuko du gizarte-zerbitzuek eskaintzen duten arretan.