Ignacio Aldecoa Kultura Etxean materiala maileguan hartzeko aukera zabalik

Erredakzioa 2020ko eka. 15a, 11:18
Materiala liburutegiaren beheko solairuko erakusmahaian jasoko da. / AFA

Internet bidez egin beharko da eskaera, edo, salbuespen gisa, telefonoz. Osasun larrialdiaren aurretik maileguan utzitako materialaren %53 itzuli da dagoeneko.

Liburuak maileguan uzteko zerbitzuari berrekin dio Ignacio Aldecoa kultura etxeak, astelehen honetatik aurrera. Mailegua aurrez eskatu beharko da, eta eskaerak egiteko bi bide ireki dituzte: Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen katalogoaren bidez, erabiltzailearekin eta pasahitzarekin identifikatuta; edo, salbuespen gisa, 70 urtetik gorakoentzat edota Internetera sarbiderik ez dutenentzat, 945 18 19 44 telefonora deituz, 9:00etatik 11:00etara.

Mailegu eskaera egin eta hurrengo egunetik aurrera jaso ahal izango da materiala liburutegiaren beheko solairuko erakusmahaian, gehienez ere bi eguneko epean. Liburutegiak abisatuko du materiala prest dagoenean, eta eskaera zenbakia esleituko du, materiala hartu ahal izateko. Gehienez ere hiru dokumentu mailegatuko dira, 21 egunerako. Gainerako gelak eta komunak itxita egongo dira.

Oraingoz, aldizkarien mailegua eta erreserbatzeko aukera etenda egongo dira. Materiala itzultzeko, ekainaren 1etik aurrera ezarritako protokoloari jarraituko zaio, baina, hemendik aurrera, materiala zazpi egunez egongo da berrogeialdian.

Aurrerantzean ere derrigorrezkoa izango da maskara jantzita eramatea eta eskuak hidrogelez garbitzea, erabiltzaileak zein langileak babesteko. Halaber, bakarrik joan behar da liburutegira, 14 urtetik beherakoak izan ezik.

Maileguak itzultzeko epea luzatu da

Orain arte, osasun larrialdia ezarri aurretik mailegatutako 4.878 dokumentuetatik 2.600 baino gehiago (% 53) itzuli direla azaldu du Aldundiak. Lehenengo egunean itzuli ziren gehienak: guztira, 431 dokumentu.

Gainerako 2.300 dokumentuak itzultzerako orduan jende ilarak eta pilaketak saihesteko, materiala itzultzeko epea uztailaren 3ra arte luzatu da.

Aldundiak gogorarazi du titularra ez den beste pertsona batek itzul dezakeela materiala, baita jaso ere, eskaera zenbakiarekin. Hala ere, materiala itzultzeko zailtasunen bat izanez gero, horren berri eman behar da telefonoz, zigorrik ez jasotzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide