Ignacio Aldecoa Kultura Etxea berriro zabalik, soilik maileguak itzultzeko

Erredakzioa 2020ko eka. 1a, 10:16
Ignacio Aldecoa Kultura Etxea zabalik dago berriz ere. / AFA

Gutxienez lau asteko epea egongo da materialak itzultzeko, jende pilaketak saihesteko. Liburuen mailegu zerbitzua ekainaren bigarren hamabostalditik aurrera berriz martxan jartzea aurreikusi dute.

Ekainaren 1ean, Ignacio Aldecoa Kultura Etxea zabaldu dute berriz, martxoan itxi zenetik erabiltzaileek etxean dituzten liburuak eta materialak itzuli ahal izateko; itzuli gabeko 4.878 liburu eta material daude egun. Ordutegia 9:00etatik 14:00etara izango da, astelehenetik ostiralera.

Hiru erakusmahai prestatu dituzte materialak jasotzeko; behin materialak itzulita, hainbat kutxa eta saskitan jarriko dituzte, eta, betetzen direnean, leku seguru batean utziko dituzte bi asteko berrogeialdia pasa arte.

Liburutegira sartzeko maskara erabiltzea eta eskuak garbitzea derrigorrezkoa izango da, erabiltzaileak eta langileak babeste aldera. Liburutegian bertan hidrogela eskura egongo da. Gainera, 14 urtetik gorako erabiltzaileek banaka joan beharko dute. Gainerako aretoak eta komunak itxita egongo dira. 

Ilarak eta jende pilaketak eragozteko, batez ere lehenengo egunetan, itzulketak gutxienez hurrengo lau asteetan egin ahal izango dira, baina Kultura Etxeko arduradunek ez dute epea luzatzea baztertu, "zerbitzuan normaltasuna berreskuratu arte".

Ekaineko bigarren hamabostalditik aurrera, liburuen mailegu zerbitzua berriz martxan jartzea aurreikusi dute, eta hurrengo egunetan emango dute informazio gehiago.

Museoak ekainaren 2tik aurrera

Gaurtik aurrera, deseskalatzearen bigarren fasearen erdian, kulturguneak pixkanaka berrirekitzen joango dira. Arabako museoek, ordea, asteartean irekiko dituzte ateak. Hauek dira bihartik aurrera bisitatu ahal izango diren museoak:

  • Arabako Arte Ederren Museoa: Fray Francisco, 8.
  • Arabako Natura Zientzien Museoa: Jesusen Zerbitzariak, 24.
  • Arabako Arma Museoa: Fray Francisco, 3.
  • Bibat. Arabako Fournier Karta Museoa: Aiztogile kalea, 54.
  • Bibat. Arabako Arkeologia Museoa: Aiztogile kalea, 54.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide