Koronabirusa

Dagoeneko zazpi kasu positibo dira Txagorritxuko agerraldi berrian

Erredakzioa 2020ko eka. 12a, 09:45

Arabako Unibertsitate Ospitalea, Txagorritxun. / IREKIA

Ostegun honetako datuen arabera, koronabirus kasu gehiago ezagutu dira Txagorritxu ospitaleko agerraldi berrian: hiru positibo gehiagorekin, zazpi kasu atzeman dira jada. Gainera, gaixotutako pertsonetako bat hil egin da.

130 test egin dituzte, eta 48 orduz nobedaderik gabe egon ostean, hiru kutsatze berri daudela jakinarazi du ostegunean Osasun Sailak. Zazpi dira jada kutsatutako pertsonak: hiru paziente, hiru bisitari eta erizain bat.

Agerraldi berri hau Onkologiako paziente batek positibo eman zuenean atzeman zen igandean. Asteak zeramatzan ingresatuta, eta negatibo eman zuen bitan: ospitaleratzean eta ebakuntza bat egin aurretik. Hirugarren aldiz proba egin ziotenean atzeman zioten Covid-19a.

Paziente horrek hobera egin du eta laster emango diote alta. Kutsatutako bigarren gaixoa, berriz, hil egin da; birusa hartu aurretik koadro onkohematologiko bat zuen garatuta.

Hala ere, kasu berriak ez dira orain PCR proban positibo eman dutenak, baizik eta aurreko egunetako miaketan atzemandakoak; orain lotu dira fokua berriarekin. Gainera, orain agerraldiarekin lotutako hiru kutsatuetako bat ere pazientea izan zen Onkologian, eta duela zortzi egun eman zioten alta.

Mugak itxita

Kantabriak eta Nafarroak (eta, ziurrenik, baita Errioxak ere) autonomia erkidegoen arteko zirkulazioa ekainaren 15etik aurrera berriro irekitzeko Eusko Jaurlaritzaren asmoari atea itxi diote, oraingoz.

Izan ere, kezkatuta daude Basurtuko eta Txagorritxuko (Gasteiz) ospitaleetan izandako agerraldiekin. Eusko Jaurlaritzak ere "joera aldaketa" bat eman dela onartu du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago