Koronabirusa

Lau positibo baieztatu dituzte Txagorritxuko foku berrian

Erredakzioa 2020ko eka. 8a, 09:15

Txagorritxu ospitalean izan da agerraldia. / Alea

Lau positibo baieztatu dituzte: Onkologiako bi paziente, osasun-langile bat eta bigarren pazientea bisitatzera joaten zen senide bat. Sukarra duten paziente guztiei testa egin diete.

Covid-19 agerraldi berri bat ikertzen ari dira Txagorritxu ospitalean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez. Lau positibo baieztatu dituzte: Onkologiako bi paziente, osasun-langile bat eta bigarren pazientea bisitatzera joaten zen senide bat. Hogeita hiru langile jarri dituzte berrogeialdian.

Pazienteetako bati bi PCR proba egin zizkioten ospitaleratzean, eta negatibo eman zuen. Ebakuntza egin ostean, ordea, positiboa dela jakin dute, eta, beraz, protokoloa aktibatu dute; isolatu eta 75 pertsona baino gehiagori egin zaizkie PCR probak, osasun-langileen eta unitateko beste paziente batzuen artean. Proba horretan positibo eman dute solairu bereko osasun-langile batek, unitate bereko beste paziente batek eta azken hau bisitatzera joaten zen senide bat.

Sukarra duten paziente guztiei egin zaie proba, eta orain arte inork ez du positibo eman. Gainera, paziente positiboak egon diren gelak desinfektatu dituzte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago