Montehermoso Kulturunea

Hiru proposamen bueltarako

Erredakzioa 2020ko eka. 11a, 09:30

Rut Briones eta Raquel Duranen 'Felices' instalazioa./ Gasteizko Udala

Montehermoso kulturuneak ateak ireki ditu aste honetan, berriz ere, eta atzean utzitako hiru erakusketarekin itzuli da: 'Exodoa, hondakinak aterpe', 'Felices' eta 'The sky is inside'.

Astearteaz geroztik, berriz ere martxan da Gasteizko Montehermoso kulturunea. Aretoen edukiera behin-behinean mugatuko dute segurtasun-distantzia ziurtatzeko, eta bisitak banaka edo familia taldeetan egin ahal izango dira. Momentuz ez da mediatekarik izango eta ohiko bisita gidatuak ere atzeratuko dituzte.

Konfinamendua hasi zenean prest ziren erakusketak berreskuratu ditu kulturuneak. Andoni Lubaki eta Karlos Zurutuza argazkilari eta kazetarien Exodoa, hondakinak aterpe dokumentala eta irudi bilduma ikus daiteke horien artean. Siriako kurduek egun pairatzen duten zigorra islatzen duten 40 irudi: gerra frontea, mamu herriak, errefuxiatu eremuak, iheslariez jositako eskolak, hiletak... Iragan urrian, Siriako kurduen kontra Turkiak eginda azken erasoaldian egindako argazkiak dira. Dokumentalean, gainera, Fatna, etxetik kanpo bizi den 22 urteko unibertsitarioaren ibilbidea jaso dute; Turkiak bere herria suntsitu zuen 2018an, eta bere bizitza berrabiarazten ari zela beste eraso bat izan du. Ekainaren 21era arte ikusi ahal izango da erakusketa lehen solairuan.

Jovellanos aretoak, beste alde batetik, Susana Viñoloren The sky is inside lana erakutsiko du, Montehermosoren eta EHUko Arte Ederren Fakultatearen arteko hitzarmenaren ondorioz deialdi publikoan aukeratua. Bertan, artista gazteak aurrerapen teknologikoen eta ezagutzaren paradigma historikoki aldakorren arteko erlazioari buruz hausnartzen du, teknologia astronomikoak azterketatzat hartuz. Ekainaren 21era arte izango da.

Gainera, kulturuneko Ur Biltegiak Rut Briones eta Raquel Duran artisten Felices ikus-entzunezko murgiltze-instalazioa mantenduko du irailaren 13ra arte. Zer eragin duen guregan zoriontsu izateko presio kulturalak, norbanakoarengan zein maila kolektiboan? Zer gertatzen da helburuetara heltzen ez garenean? Galdera horiek hausnarketagai, XXI. mendean gizarte gisa erabiltzen ditugun zoriontasun moten esplorazio multisentsoriala egin dute lan honetan Briones eta Duran bikote artistikoak. Iazko proiektu artistikoen deialdian aukeratutako proiektuetako bat da hau.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago