Lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren zinegotzi Maider Etxebarriak aurreratu duenez, enpresak sortu eta finkatzeko laguntzak -126.700 euroko aurrekontuarekin- bihar argitaratuko dira ALHAOn. Ostegunean, ekainaren 11n, herritarrek aukera izango dute laguntza horiek eskatzen hasteko, hilabete luzatuko da epea.
Laguntza eta ekimen sorta handia biltzen du Gasteizko Udalak abiatutako planak, merkatariei, ostalariei, hotelariei eta hainbat ekonomia-sektoretako enpresa txikiei pandemiaren ondorioen aurkako borrokan laguntzeko.
Besteak beste, datorren astelehenean, segurtasun-materiala erosteko aparteko laguntzak -750.000 euroko aurrekontua- eskatzeko epea irekiko dela aurreratu du Etxebarriak. Kasu honetan, epea hamabost egun iraungo du eskabideak aurkezteko epea. Diruz lagundu daitezkeen gastuen artean daude maskarak, eskularruak, aurpegia babesteko pantailak, manparak, prebentzioko eta higiene sanitarioko materiala, eta instalazioak desinfektatzeko materiala, hala nola gel edo xaboi desinfektatzaileak.
Birusak eragindako aholkularitza eta kontsultoria gastuak ere finantzatuko dira, baita itxialdian eraldaketa digitalarekin lotuta egin diren inbertsioak ere.
Gehienez hamar langile dituzten enpresek eskatu ahal izango dituzte laguntza horiek.