Espazio arazo horrek, Martxoak 3 elkartearen aburuz, mahai gainean jarri du, berriz ere, eliza "bere osotasunean" Memoriaren eta Giza Eskubideen gune bihurtzeko eskaria.
Bitartean, Gasteizko langileen memoriari lotutako bisita gidatuei berrekin die ostegunetik, eta aurretik elizan bertan egin ohi duten bideo emanaldia, M3moria Gunean egingo dute.
Memoria historikoan oinarritutako bisita gidatu horiek 2016an egiten hasi ziren, 1976ko sarraskiaren 40. urteurrena zela eta, Martxoak 3 elkarteak Zaramaga auzoa zeharkatzen duen Memorial interaktiboa martxan jarri zuenean. Ekimenak Gasteizko langileek urte horietan egindako greba-prozesuaren alderdiak azaldu eta hildako bost langileak omentzen ditu.
2019ko amaieran, elkarteak iragarri zuen bultzada berri bat emango ziola ekimenari. Horretarako, webgune berezi bat abian jarri zuten, eta ikastetxeekin harremanetan jarri ziren berriro, arrakasta handia lortuz. Izan ere, 2016ko martxotik 2019ko ekainera bitartean, 5.000 pertsonak baino gehiagok egin dute bisita, gehienak ikasleak.
Erreserbatzeko aukera zabalik
Gauzak horrela, 2020rako bisita gidatuen agenda betetzen joan zen, baina soilik 14 bisita egin dira, urteko lehenengo bi hilabeteetan. Azkena martxoaren 7an egin zen, eta, Covid-19ak eragindako krisiaren ondorioz, maiatzera arte lotuta zeuden beste hamar erreserba bertan behera utzi behar izan zituen Martxoak 3 Elkarteak.
Hiru hilabeteko etenaldiaren ostean, jarduerari berrekiteko unea iritsi dela uste du elkarteak, eta berriz ere zabalik daude bisitak erreserbatzeko ohiko bideak:
- Webgune berezia: Martxoak 3 Memoriala.
- Posta elektronikoa: memorialm3m@gmail.com.
- Telefonoz edo WhatsApp bidez: 690 96 89 26 (Julen Diaz de Argote).
Bisitek doakoak eta hirueledunak izaten jarraitzen dute; hau da, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez egiteko aukera dago. Eta udako etenik gabe egin ahal dira erreserbak, uztaila eta abuztua barne.
Segurtasun neurriak
Bisita gidatuak osasun egoerara egokitu direla azaldu du Martxoak 3 Elkarteak. Lehenik eta behin, bisitariei entzungailuak etxetik ekar ditzatela eskatzen zaie, bisitak audio-gidatzen dituzten mp3 gailuetan erabiltzeko. Gailu horiek erabilera bakoitzaren ondoren desinfektatuko dituzte. Maskara erabiltzea gomendatzen dute, eta hidrogela bertan ere izango da.
Horrez gain, taldeak osatuko dituzten bisitarien kopurua mugatu egin dute, eta bisita bakoitzean gehienez 14 bisitari joan ahal izango dira. Izan ere, gehienez 15 pertsona bildu daitezke bisitetan, eta horietako batek gidari lana egin beharko du.
Azkenik, San Frantzisko Asiskoaren Elizaren barruan amaitu beharrean -espazioa txikiegia baita-, ibilbideari amaieran eskaintzen den bideo emanaldia gertu dagoen M3moria Gunea lokalean egingo da.