Koronabirusa

Gasteizko Alde Zaharreko tabernak itxita, oraingoz, astelehenera arte

Erredakzioa 2020ko mar. 13a, 12:20

Poteorako gune enblematikoa Gasteizko Alde Zaharrean. / ALEA

Ostiral goizean asanbladan bildu dira Gasteizko Alde Zaharreko ostalariak, eta, momentuz, astelehenera arte tabernak itxiko dituztela erabaki dute. Koronabirusaren aurreko "ardura kontu bat" dela diote, "bezeroenganako errespetuagatik".

ALEAk jakin duenez, gutxienez hogei dira dagoeneko ixtea erabaki duten tabernak, batez ere Aiztogile kalean, baina egoeraren bilakaera eta azken orduetan kalean bizi dena kontuan izanda, ixteko erabakia taberna eta jatetxe gehiagora hedatuko da asteburuan zehar.

"Autoritateen arduragabekeria" ere salatu dute: "Edonork daki gure jarduera Covid-19aren hedapenerako ageriko foko bat izan daitekeela; eta ez dugu ulertzen nola momentuz ez den inolako neurri ofizialik hartu", kritikatu dute.

Itxiera, ostalariek azaldu duten bezala, ostiraleko 17:00etatik aurrera, asteleheneko 17:00etara izango da, momentuz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago