Auzoko jaiak ospatuko ditu Errekaleorrek, "sumisioaren birusari" aurre egiteko

Erredakzioa 2020ko eka. 4a, 17:32
Errekaleor izango da jaiak ospatzen dituen Gasteizko lehenengo auzoa. / ERREKALEOR BIZIRIK

Errekaleorreko jaiak igande honetan ospatuko dira, ekainaren 7an. Osasun neurriek "zentralitatea" izango dutela, eta auzoko jaiak "kaleak eta espazioak berreskuratzeko urrats berri bat" direla azaldu du Errekaleor Bizirikek.

Hasieran maiatzaren 30ean ospatzekoak ziren Errekaleorreko jaiak, baina Patxi Ruiz preso nafarraren aldeko mobilizazioak zirela eta, astebete atzeratzea erabaki zuten auzokideek.

Osasun krisiaren testuinguruan aurkeztu ditu jaiak Errekaleor Bizirikek: "Orain dela gutxi, pandemia berri bati buruz aritu ginen, sumisioaren birusaren pandemia, alegia. Gure auzoak, kaleak eta enparantzak autoritarismoz, kontrol sozialez eta beldurrez betetzen duen birusa dugu honako hau".

Jaiak ospatzen dituen Gasteizko lehen auzoa izango da Errekaleor, eta osasun egoeraren inguruan suertatu daitezkeen zalantzen aurrean, "kaleak eta espazioak berreskuratzera" deitu dute. Eta jaietara gonbidatu dituzte herritarrak, haiekin batera "sumisioaren birusaren kontra" egiteko.

Horrekin batera, osasun neurriek "zentralitatea" izango dutela argitu dute: "Errespeta ditzagun denon artean egunean bertan emango diren osasun irizpideak eta, modu berezian izanda ere, disfrutatu dezagun gure espazio askeetaz", azaldu dute ohar batean. Besteak beste, segurtasun distantzia mantentzea aurreikusi dute, eta maskarak zein eskularruak eramateko irizpidea eman dute.

Eguneko egitaraua

Errekaleor Bizirikek antolatu duen egitaraua igande osoan zehar luzatuko da, eguerdian hasita, eta 21:00ak arte luzatuko da:

  • 12:00 Txupinazioa eta ekitaldia
  • 13:00 RKtukada + marianitada estatikoa
  • 14:30 Bazkari autogestionatua
  • 16:00 Bingo musikatua
  • 17:00 Kontzertuak: Leon Ruiz, Sars27, No Name eta Kutxaratxas
  • 21:00 Itxiera

Erlazionatuak

Sumisioaren birusari aurre!

Erabiltzailearen aurpegia Errekaleor Bizirik 2020 mai 15 Araba

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide