Sumisioaren birusari aurre!

Erabiltzailearen aurpegia Errekaleor Bizirik 2020ko mai. 15a, 17:34

Arg: Errekaleor Bizirik!

"Errekaleorren ere hainbat eta hainbat izan dira indar polizialen eskutik jasan ditugun erasoak"

Badira zenbait hilabete pandemia berri bat munduan zehar zabaldu zenetik. Euskal Herrira ere iritsi da, hainbat sektore kolpatuz, horien artean, migranteak, langileria, etxeak espazio seguru ez dituzten emakumeak eta herri mugimenduaren hainbat espresio. Esate baterako, Gasteizko Talkako ahizpak, Erromoko Itzubaltzeta Gaztetxea, Iruñeko etxe okupatua, Donostiako Fires espazio autogestionatua eta beste hamaika. Errekaleorren ere hainbat eta hainbat izan dira indar polizialen eskutik jasan ditugun erasoak, haien presentzia itogarria, ehizarako jarrera oldarkorra, isunak eta bizilagunekiko mehatxuak.

Hedatzen dabilen pandemia honek hiru aurpegi ezberdin ditu. Alde batetik, Estatuak ezarritako kontrol sozial are zorrotzagoa, mugitzeko askatasuna izugarri murriztuz, Poliziaren lana indar errepresiboetatik haratago zabalduz, bizilagun ugari Estatuaren begi eta belarri bihurtu bailira bezala. Bestetik, autoritarismoaren gorakada handia bizi dugu, zeinetan kolore guztietako poliziek etengabeko mehatxu, isun eta kolpeak inpunitate osoz burutzen dituzten, egoera hauek guztiz normalizatuz. Azkenik, honek guztiak sorrarazi duen beldur orokortua onartezina dela uste dugu. Gaixotasunaz gain, komunikabideek manipulazio lan sakona egin dute, shock egoera konstante batean nahi baikaituzte, pertsona guztiok egoeraren errudun sentiaraziz.

Hona hemen sumisioaren birusaren ondorioak. Horregatik, Errekaleorretik birus honi aurre egitera deia zabaltzen dugu, elkar zainduz, sareak sortuz eta kaleak berrartuz. Protestaren zilegitasuna aldarrikatzen dugu, azken finean auzodefentsa praktikara eramanez.

Sumisioaren birusari aurre egin!!!

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago