Etxebizitza sailburuaren aurkako salaketa, Vitalquilerreko etxebizitzen salmentagatik

Erredakzioa 2020ko mai. 28a, 14:23
Salaketa publikoki aurkezteko agerraldia egin dute ostegun eguerdian. / INOR EZ ETXERIK GABE

Etxebizitzaren Aldeko eta Bazterkeriaren Kontrako Ekimenak Etxebizitza sailburuaren kontrako salaketa aurkeztu du, Zabalgana eta Salburua auzoetako Vitalquilerreko 500 etxebizitza Catella inbertsio-funts suediarrari saltzeagatik.

Hogei bat sindikatu eta eragile sozialek osatutako Gasteizko Etxebizitzaren Aldeko eta Bazterkeriaren Kontrako Ekimenak Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburu Iñaki Arriolaren kontrako salaketa aurkeztu du, Vitalquilerren 500 etxebizitza Catella inbertsio-funtsari saltzeagatik.

Salaketa Gasteizko Guardiako Epaitegian jarri dute, "iruzurrezko salmentagatik", eta prebarikazio, iruzur edota maula delituak leporatuta.

500 etxebizitza "putre funts" baten esku

Joan den apirilaren 7an jakin genuen Eusko Jaurlaritzak 500 etxebizitza saldu zizkiola Catella inbertsio-funts suediarrari. Etxebizitzaren aldeko hainbat eragilek "putre funts" bat zela ohartarazi zuten; Ingvar Kamprad IKEAren sortzaileak 1987an sortutako inbertsio-funtsa da, hain zuzen ere.

2008an sustatutako 500 etxebizitza horiek Salburua eta Zabalgana auzoetako hainbat bloketan daude, eta babes ofizialeko alokairu-etxebizitzak izateko konpromisoan oinarritutako finantzaketa publikoarekin eraiki zirela gogorarazi du Etxebizitzaren Aldeko Ekimenak. Izan ere, Gasteizen etxebizitza babestuen parke bat sustatzeko helburuarekin sortu zen Vitalquiler 2001ean.

Inbertsio-funtsari saldutako etxebizitza horiek Kutxabanken parkearen %57 da: "Suediako funts bati saltzea erabaki du, alokairu sozialaren kudeaketa esku pribatuetan utzita", salatu dute Etxebizitzaren Aldeko Ekimeneko kideek. Catellaren aktiboen erdia Babes Ofizialeko Etxebizitzak dira, eta salerosketa honekin, estatuan dituen 2000 etxebizitzen parkea handitu egin duela kritikatu dute.

Babes ofizialeko 500 etxebizitza erosi ditu Catella funts suediarrak. / VITALQUILER

 

Eusko Jaurlaritzaren ardura

"Eragiketa hau ez zen posible izango Eusko Jaurlaritzaren eta hura osatzen duten EAJ eta PSE alderdien zeregin erabakigarririk gabe", adierazi dute etxebizitzaren aldeko ekintzaileek.

Izan ere, salmenta baimentzeaz gain, EAEko Etxebizitza Legearen 65. artikuluan jasotzen diren atzera eskuratzeko zein eroslehentasun eskubideei uko egin diotela salatu dute. Hala, etxebizitzen parke publikoa handitzeko "aukera galdu" dela diote.

"Higiezinen transakzio hutsa izango litzateke horma horien atzean pertsonak biziko ez balira, eta pertsona horiek askotan babesgabetasun egoeran dauden pertsonak dira", ohartarazi dute.

2033ra arteko konpromisoa zalantzan

Sinatutako akordioaren arabera, inbertsio-funtsak alokairu eskuragarriko etxebizitzak 2033. urtera arte mantentzeko konpromisoa du, baina mesfidantzaz ikusten du Etxebizitzaren Aldeko Ekimenak.

"Inbertsio-funts batzuen jarduteko modua ikusita, ez litzateke harritzekoa izango horiek aldatzea", adierazi dute, eta beste leku batzuetako kasuak gogora ekarri dituzte: besteak beste, Bartzelonako Blackstone funtsaren kasua, San Sebastian de los Reyeseko Lazora funtsaren kasua edota, gertuago, Donostiako Benta Berriko kasua.

Benta Berriko kasuaren arduraduna Catella funtsa da ere: zonaldean ehunka etxebizitza erosi eta gutxira, etxegabetze-aginduak izapidetzen hasi da.

Etxebizitza eskubidearen alde

"Ezin dugu onartu etxebizitza bezalako oinarrizko baliabide bat espekulatzaileen negozio-irrikaren mende egotea. Etxebizitza oinarrizko eskubidea da, eta ezin da ukatu, hainbat erakundek egiten duten bezala", adierazi du Etxebizitzaren Aldeko Ekimenak.

Astearte honetan, maiatzaren 26an, salaketa aurkeztu dute Gasteizko Guardiako Epaitegian, Iñaki Arriola Etxebizitzako sailburuaren aurka, aipatutako gertakariek prebarikazio, iruzur edota maula delituak ekar ditzaketela iritzita.

Horrekin batera, Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza-politika kritikatu dute: "Herritarren beharren aurka doa, negozio pribatua etxebizitzarako eskubidearen aurretik jarriz, eta babesgabetasun egoeran dauden herritarrak errentagarritasun ekonomikoa bilatzen duten funtsen esku utziz".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide