Gorka Urtaran alkateak "osasuna babestea, gizarte-ongizatea bermatzea eta tokiko ekonomia babestea" jarri ditu hiriaren berehalako estrategiaren ardatzean; horretarako, neurri sorta bat aurkeztu du asteazkenean, Orain Gasteiz planaren barruan.
Taberna zein kafetegietako terrazak eta mahaitxoak jartzeko azalera bikoizteko erabakiarekin ostalaritzaren sektoreari erraztasunak ematea nahi du Udalak. Erabakia irailaren 30era arte edo pandemiak ezarritako mugak amaitu arte egongo da indarrean.
Horrez gain, 10 milioi euroko laguntzak ere iragarri ditu, zailtasunak dituzten Gasteizko familientzat.
Bestalde, espazio publikoa berrantolatzeari ekin dio Udalak, superetxadien planaren barruko herena berehala sortzeko asmoz.
Horrekin batera, hainbat kaletan moldaketa azkarrak egingo dituzte aste honetan bertan, espaloi estuak zabaltzeko eta oinezkoei zein bizikletei leku gehiago uzteko helburuarekin. Behin-behineko moldaketa horiek pibotekin, hesiekin eta pinturarekin egingo dituzte:
- Manuel Iradier kalea: ezkerreko espaloia handitu egingo da.
- San Antonio kalea: trafikoa itxiko da, ibilgailuen pasabideetarako eta zamalanetarako izan ezik.
- Florida kalea: espaloiak handituko dira.
- Ortiz de Zarate kalea: eskuineko aparkalekuak poliki zirkulatzeko erreira aldatuko dira, eta aparkaleku-eremu hori oinezkoentzat izango da.
- Frantzia kalea: asteburuan, autobus erreia oinezkoentzat izango da, eta datozen asteetan ezkerreko erreia oinezkoentzat izango da Guardien plazako bidegurutzeraino.
Bizikleta-konexioei dagokienez, bidegorri berriak sortzeko lanak egiten ari dira Artapaduran, Gamarrako Atean, Ozeano Barean, Legutianoko Atean, Oto hiribidean eta Bremen kalean.
Azkenik, Gasteizko Udalak hartutako eta Gorka Urtaranek iragarritako beste neurriak laburbildu ditugu ALEAn:
Osasunarekin lortutako neurriak
- Hondakin urak aztertzeko metodo bat, Covid-19a garaiz detektatzeko, farmakoak kuantifikatzeko eta gai toxikoak aztertzeko. Krispiñako araztegira sartzen diren eta bertatik ateratzen diren gaien analisia.
- Kontingentzia plana: pandemiaren balizko agerraldi baten aurrean hiria prest egon dadin, babes ekipamenduen hornidurari eta protokoloen ezagutzari dagokionez. Besteak beste, test masiboak egingo zaizkie hainbat zerbitzuko langileei -Udaltzaingokoei, Suhiltzaileei eta Etxean Laguntzeko Zerbitzukoei-.
- Desinfektatze eta garbiketa lanak zorroztea: kutsatzeko arrisku handiena duten eremuetan, baina baita kirola edo ibilaldiak egiteko herritarrek gehiago erabiltzen dituzten eremuetan.
Ekonomiarekin lotutako neurriak
- Hiriko enpresak, merkataritza, zerbitzuak eta ostalaritza sustatzeko plana.
- Trantsizio energetikoranzko berrikuntza: Gardelegiko zabortegian eguzki baratze handi bat eraikitzeko proiektua eta Gardelegiko zabortegian sortzen den biogasa aprobetxatzea, besteak beste.
- Tokiko kontsumoa sustatzeko laguntzak: tasen eta zergen ordainketak atzeratuko dira.
- Terrazak handitzeko eragin fiskala murrizteko neurriak.
- Inbertsio publikoa mugikortasun elektrikoan: Salbururako tranbia egiteko 25 milioi euro eta BEArako 46 milioi euro.
- Bizitegi-birgaitzea: Koroatzeko SmartENcity, Adurtzako AGREE, eraikuntzak birgaitzeko laguntzetarako arauaren berrikuspena, eta Hirigune Historikoaren gizarte, ekonomia eta hirigintza birgaikuntza egiteko azterlana.