Norberarentzako zein auzokideentzako etxeko maskarak egitera animatu dituzte herritarrak; hala ere, ohartarazi dute etxean egindako maskarek "ez dutela guztiz kutsatuak izan edo kutsakorrak izan gaitezela ekiditen".
Hortaz, gainerako segurtasun eta higiene neurriekin batera, "geure buruak eta gure ingurukoak" babesten eta zaintzen lagun dezaketela azaldu dute.
Apirilaren 27an danborrada herrikoia
Astelehenean, eguneroko txalo zaparradaren ostean, lehen danbor hotsak entzungo dira Gasteizko balkoietan, 20:30etik aurrera Batera zaintza sare herritarrak deitutako danborrada herrikoiaren harira. Ordu horretan, Gasteizko hainbat irratitan danborradaren kanta entzungo dela aurreratu dute.
Lehenago, egun hauetan zehar tailer eta entsegu telematikoak antolatu dituzte, alde batetik, danborra edota txanoa sortzen ikasteko, eta bestetik, Bateraren ekimenaren irizpideak zabaltzeko. Edukiak YouTubeko kanalean kargatzen ari dira:
- Apirilak 17, ostirala: Nola egin zure danborra.
- Apirilak 20, astelehena: Lehen entsegua Leire Betolazarekin.
- Apirilak 22, asteazkena: Nola egin zure txanoa.
- Apirilak 24, ostirala: Bigarren entsegua, 19:00etatik aurrera.
Aurtengo San Prudentzio jaietako danborradako zuzendaria izatekoa zen Leire Betolazak deialdian eta entseguetan parte hartuko du.