Lantegia irekitzeko neurrietako bat da lantegian presente egongo diren langileen kopurua murriztea, eta atal bakoitzeko arduradunak lanpostura itzultzeko irizpideak jakinaraziko dizkio langile bakoitzari.
Aste honetan bertan lanean hasiko dira langile batzuk, ekoizpena berreskuratzeko beharrezkoak diren mantentze-lanak aurrera eramateko.
3.000 langile baino gehiago dituen fabrikaren prebentzio neurriak areagotu egingo dira, langileen osasuna bermatzeko; besteak beste, bi metroko segurtasun-distantzia errespetatu beharko da momentu oro, eta sarrera zein irteera mailakatuak egingo dira txanda aldaketetan.
Higiene neurriei dagokienez, garbiketa areagotuko duela iragarri du zuzendaritzak, eta gelak banatuko ditu, erabili ostean elementu komunak garbitzeko. Gainera, langileei tenperatura hartuko zaie lantegira sartzerakoan. Makinetan dauden langileentzako maskarak eta aurpegia estaltzeko pantailak egongo dira.
Sindikatuen kritikak
ELA sindikatuak salatu du enpresako zuzendaritzaren "alde bakarreko erabakia" izan dela ekoizpena apirilaren 14tik aurrera berreskuratzea.
Egoera honetan langileen osasuna bermatzea lehentasuna izan behar dela berretsi du sindikatuak. Zentzu horretan, "langile guztien osasuna eta segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren neurri guztiak" ezartzea exijitu du.
Jarduera ekonomikoa berrartzea
Larunbatean Espainiako presidente Pedro Sanchezek iragarri zuen bezala, Aste Santuaren ondoren jarduera ekonomikoak berriz ekingo dio bere jardunari, modu mailakatuan eta babes neurri bereziekin. Hortaz, apirilaren 14tik aurrera, Michelin bezalako enpresa askok berrekingo diote ekoizpenari; besteak beste, Sidenor enpresak egun berean martxan jarriko dela iragarri du.