Pedro Sanchezek alarma egoera datorren apirilaren 26ra arte luzatzea erabaki duela jakinarazi du Pablo Casadok goizean, Gobernuko presidentearen deia jaso ostean; gainerako alderdietako buruzagiekin dei erronda ere egin omen du estatuko presidenteak. Jendeaurrean, 15:00etan egindako agerraldi publikoan eman du erabakiaren eta xehetasunen berri.
Sanchezek Ministroen Kontseilura eraman beharko du alarma egoera luzatzeko eskaera, proposamena formalki Kongresura eramateko. Ondoren, datorren asteko ostegunean egingo den osoko bilkuran baimendu beharko luke Espainiako Kongresuak.
Koronabirusaren hedatzea geldiarazteko Espainiako Gobernuak eskatzen duen bigarren luzapena da, eta apirila 26a bitartean luzatuko da, oraingoz. Ondoren, luzapen gehiago etorri daitezkeela ere aurreratu du, baina gaitzari buruzko informazioa egunez-egun aldatzen doanez, ezin da oraingoz beste neurririk aurreratu.
Hala ere, ekonomiak bizi duen geldiunea gainditze aldera, Aste Santu ondoren zenbait jarduera ekonomiko berriz ere martxan jarri ahalko direla azaldu du. Besteak beste industriak edo eraikuntza sektoreak adibidez lanari ekin ahalko diote, baina segurtasun neurri bereziak ezarriko zaizkio.