Martxoaren 26an bilera bat eskatu zion Baterak Gasteizko udal gobernuari, "premiazko" hiru gai jorratzeko asmoarekin: alde batetik, lankidetzan aritzeko eta lanak koordinatzeko prestutasuna azaldu zuen sare herritarrak; horrez gain, gabezien eta beharren azterketa partekatu nahi zuen; eta azkenik, gizarte eragileen eta erakunde publikoen arteko lankidetzarako deia egin zuen.
Beranduenez astelehenean erantzuteko eskatu zioten udal gobernuari, baina Baterako kideek azaldu dutenez, ostegun arratsaldean bertan jaso zuten erantzuna; bertan, alkateak "bilera aipatu ere" egin ez zuela kritikatu dute. Sarekideen arabera, Eusko Jaurlaritzaren Guztion Artean egitasmoaren parte izatera gonbidatu zituen alkateak.
"Gutxienez astebete beharko genuke parte hartzeko, beharrak etengabe handitzen diren une batean", deitoratu dute, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako boluntarioen zerbitzuaren gabeziak aipatuz; besteak beste, EAE mailako egitasmoa izanda tokiko ekimenak baldintzatu ditzakeela diote, eta tokiko "laguntza eraginkorra zaildu" dezakeela.
Bigarren eskaera
Ondoren, Batera sarea Udalarekin harremanetan jarri da berriro, bilera bat eskatzeko asmoarekin. Tartean, Gasteizen 2.300 lagun biltzen dituen sare bat dela eta zonaldeka antolatuta dagoela gogorarazi diote alkateari.
Gainera, kritika gogorrak egin ditu Baterak: "Eguneko zentroak itxi dituzte erabiltzaileei inolako alternatibarik eskaini gabe, eta han lan egiten duten langileak behartuta egon dira ezinbesteko segurtasun neurririk gabe lan egitera", salatu dute, besteak beste, eta prebisio falta leporatu diete erakundeei.
Gainera, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak gainezka daudela, bizitoki alternatibarik gabe kalean dauden pertsonak badirela, eta Gasteizko Elikagaien Bankua itxita dagoela ohartarazi dute.
"Inoiz baino gehiago, lankidetza eta elkarlana izan behar dira ardatz nagusiak. Ez da proposamenak eta elkarlanerako aukerak baztertzeko garaia", adierazi dute sarekideek, eta egindako lan guztia "zakuan erortzen" utziko ez dutela iragarri dute.
Bilera eskatzeko Batera zaintza herritarrak helarazitako dokumentua.