Koronabirusa

"Mugituko dutela esan digu amak, negarrez"

Erredakzioa 2020ko mar. 27a, 13:08

Araba Klinika hustu nahi du Eusko Jaurlaritzak. GOOGLE MAPS

Araba Klinika husteko Eusko Jaurlaritzaren erabakia gogor salatu dute hainbat senidek; abisatu gabe egin dutela eta adinekoen egoera kontuan hartu gabe.

Eusko Jaurlaritzak Gasteizen dagoen IMQ Igurco Araba egoitza koronabirusa duten gaixoak artatzeko erabiltzea erabaki du, eta, beraz, zentro pribatu horretako adineko pertsonak beste toki batzuetara mugitzea. Berehala etorri da senideen salaketa, besteak beste, aldaketaren berri eman ez dietelako. "Ostegunean, goizean, jakin genuen gure ama IMQ Igurco egoitzatik, Araba Klinika zaharretik, atera behar genuela. Guri egoitzak berak ere ez zigun ezer esan, albistea gure amak eman zigun, negarrez". ALEAri familiar batek kontatu dionez, arratsaldean joan behar izan ziren klinikara, eta senidea etxera eraman dute.

Erabakiaren atzean, Eusko Jaurlaritzaren inprobisazioa eta begirune falta salatu ditu familiak, eta azpimarratu dute egoitza horretan ez zegoela inor kutsaturik. "Trapuak bezala, patata zakuak bezala tratatu dituzte", esan dute. "Harrigarria iruditzen zaigu pertsonak errespeturik gabe nola tratatzen dituzten ikustea, are gehiago adin horretakoak. Ez afekturik, ez hurbiltasunik; eta kontuan hartu gabe, gainera, adin horretako pertsonei edozein aldaketa egitea zenbat kostatzen zaien edo elkarrekin bizi ziren lagunak bereiztea zer kostua duen".

Kontrol falta

IMQ Igurco Araba zentroak bi espazio ditu: batetik, adinekoentzako egoitza zerbitzua, eta, bestetik, gaixotasun kronikoak dituztenentzat eta zainketa aringarriak behar dituztenentzat egokitutako gunea. Jaurlaritzaren arabera, gaixotasun kronikoak dituzten eta zainketa aringarriak jasotzen dituzten pertsonen kasuan, bakoitzaren azterketa indibidualizatua egingo dute eta "beren egoerarekin bat datozen" osasun-zentroetara eramango dituzte. Bestalde, Arabako Foru Aldundiak egoitza-zerbitzuaren erabiltzaileentzako beste zentro batzuk bilatuko dituela esan du.

Eusko Jaurlaritzaren erabakiak, ordea, kontrol falta erakusten duela uste dute senideek: "Eusko Jaurlaritzak hedabideak erabiltzen ditu –EITB– herritarrei sinestarazteko dena kontrolpean duela, Osakidetza koroaren harribitxia dela, beharrezkoa balitz kanpo kontsultetan gelak egokitzen ari direla (Urkullu eta Murga sailburuak obrak bisitatzen agertzen dira), koronabirusak eragindako gaixo arinak Lakua hotelera eramango dituztela... Eta, bat-batean, egoitza bat hustea erabaki dute, inolako azalpenik gabe, eta arazoak egoiliarrei eta haien senideei aldatuz". 

Hartara "propaganda gutxiago" exijitu dute senideek, eta menpekotasuna "enpresa-lagunentzat negozio bihurtzearen erantzuleak" direla kritikatu dute.

Alta, langileei esker ona adierazi diete senideek: "Guk bezala, erabaki hauek jasan behar izan baitituzte. Emakumeak gehienetan, gaizki ordainduak, prekarioak, ezinbesteko babes-bitartekorik gabe... Haientzat txaloak, zuentzat gure gaitzespenik sakonena".

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago