Koronabirusa

24 pertsona hil dira Arabako adinekoen egoitzetan

Erredakzioa 2020ko mar. 27a, 11:07

Abetxuku auzoan kokatuta dago Zadorra adinekoen egoitza. / zabaltegi.org

Krisia hasi zenetik, 24 hildako eta 111 kasu positibo eman dira Arabako adinekoen foru egoitzetan zein egoitza pribatuetan. Gainera, lehen heriotza eman da Aldundiak arreta zentro bihurtu berri duen Zadorra egoitzan.

Arabako Foru Aldundiak 23 hildako zenbatu ditu orain arte, foru titulartasuneko zein sare pribatuko adinekoentzako egoitzetan. Hildako horietatik 21 lurraldeko zentro pribatuetan bizi ziren, eta  gainerako  biak,  foru zentroetan, Aldundiaren datuen arabera.  Orotara, 111 kasu positibo erregistratu dira.

Ostegunera arteko datu ofizialez gain, azken orduetan pertsona bat gehiago hil da Abetxuko auzoan kokatuta dagoen Zadorra adinekoen egoitzan.

Diagnostikatutako pertsona guztietatik, 80 zentro pribatuetako erabiltzaileak dira, eta gainontzeko 31ak foru zentroetan bizi dira. Hamalau lagun daude ospitalean, eta beste 97 egoitza zentroetan bertan artatzen ari dira.

Guztira 94 egoitza daude Araban, foru egoitzak eta pribatuak kontuan hartuta. Koronabirusa duten pertsonak horietako 18 egoitzetan antzeman dira.

Bestalde, desgaitasuna duten pertsonentzako egoitza zentroetan zortzi kasu positibo baieztatu dira; eta horietako zazpi ospitalean daude.

Lehenengo hildakoa Zadorran

Zadorra foru egoitza erreferentziazko zentro gisa egokitu du Aldundiak, koronabirusa duten adineko pertsonei arreta emateko. Isolamenduan egon behar duten egoitza sareko adineko pertsonak artatuko dituzte bertan; bai koronabirusean positibo eman dutelako, baita zaintzapean dauden kasu susmagarriak direlako.

Neurria aldi baterako izango da, osasun krisiak irauten duen bitartean, eta gutxienez 170 egoiliarri ostatu emateko balio izango du. Horretarako, zentro honetan bizi diren eta kutsatzeko sintomarik ez duten pertsonak foru sareko beste egoitza batzuetara eramango dituzte.

Abetxukuko egoitza honetan egoilar bat hil da azken orduetan, Eldiarionorte.es hedabidearen arabera. Lehenengo hildakoa zentro horretan eta hogeita laugarrena sare osoan.

Hedabide digitalak argitaratu duenez, Zadorra egoitzako barne iturriek ohartarazi dute positibo eman ez duten adinekoak lekualdatzea erabaki dutela, haien familiei abisatu gabe.

Egoitza pribatuen lan poltsa

Foru Aldundiak, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen (GOFE) bidez, lan poltsa bat jarri du martxan, eta egoitza pribatuek bertara jo ahal izango dute bajak ordeztuko dituzten langileak lortzeko. Erizaintzako laguntzaileentzat eta beste profil profesional batzuentzat ere dago zabalik.

Helburua egoitza pribatuek kontratazioak egitea eta bajak ordezteko aukera izatea da, zentro horietako erabiltzaileen arreta bermatzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago