Michelineko zuzendaritzak aldi baterako enplegua erregulatzeko espedientea (ERTE) ezarriko du Gasteizko fabrikan, asteartetik aurrera. Pneumatikoak fabrikatzeko beharrezko produkturik ez dagoela justifikatu du enpresak espedientea "ezinbesteko kausagatik" aplikatzeko.
Gasteizko lantegiak iragan astelehenean gelditu zuen ekoizpena, martxoaren 16an. Jarduerarik gabe igaro diren egun hauek, martxoaren 17tik 23ra, hitzarmenak aurreikusten dituen barne malgutasun neurriekin zenbatzea planteatu du enpresak.
Horrez gain, espedienteak indarrean irauten duen bitartean, oporren eta aparteko ordainsarien %100a sortuko da. Enpleguari eustea ere bermatu da akordioan; izan ere, aldi baterako langileen kontratuak berritu egingo dituzte, hitzarmen kolektiboan ezarritakoaren arabera.
Gainera, txanda kontratua duten langileei ez die eragingo espedienteak, ezta aldi baterako ezintasunagatik, aitatasunagatik edo amatasunagatik baja egoeran dauden langileei ere. Halaber, langileek oporrak eskatu ahal izango dituzte, banaka, espedientean ez sartzeko.