Koronabirusa

Mercedesek ekoizpena geldituko du langileen plantoaren ostean

Erredakzioa 2020ko mar. 16a, 10:54

Enpresa batzorde osoa eseri da 10. lerroaren amaieran, Mercedeseko fabrikaren ekoizpena geldiarazteko. Langileen plantoaren ostean, ekoizpena 14:00etatik aurrera geldituko dela jakinarazi du zuzendaritzak.

Astelehenean lanera itzuli dira Mercedeseko langileak, eta 10:30ean enpresa batzordearen eta zuzendaritzaren arteko bilera deituta zegoen. Enpresa batzordearen bitartez langileek ekoizpena guztiz etetea exijitu duten bitartean, enpresak aldi baterako lan erregulazio espediente bat negoziatu nahi zuen.

Hala ere, goizeko lehen orduetan, langileek ekoizpena bertan behera uztea exijitu diote Emilio Titos Mercedes-Benzeko zuzendariari. Koronabirusaren aurreko segurtasun neurriak betetzen ari direla adierazi du zuzendariak, maskarillak banatu direlako. Gainera, fabrika gelditzeko eskumenik ez duela esan du, eta Alemaniako zuzendaritzarekin hartu beharreko erabakia dela.

 

Hortaz, enpresa batzordeak Ertzaintzari deitu dio, Espainiako Gobernuak ezarritako alarma egoeraren testuinguruan segurtasun neurriak betetzen ez direla egiazta dezan.

9:45ak aldera, langileek planto egin dute: enpresa batzordeko kide guztiak ekoizpen katearen 10. lerroaren amaieran eseri dira, langileen txaloen artean. Ekintzaren ostean, ekoizpena 14: 00etan geldituko dela jakinarazi die zuzendaritzak. Arratsaldeko eta gaueko txandetan, banaka deituko die beharrezkoak diren langile kualifikatuei, instalazioak mantentzeko eta pintura labeak zigilatzea bermatu ahal izateko.

Ziurgabetasuna enpresa handietan

Michelinen kasuan, asteartetik aurrera produkzioa eten egingo dela jakinarazi die enpresak langileei. Langileei helarazitako oharrean adierazitakoaren arabera, lan etetzeak zortzi egun iraungo du, gutxienez. Bitartean, itxiera atzeratzeak ondorio latzak izan ditu Gasteizko fabrika honetan: koronabirus positibo bat -beste zazpi probaren zain- eta hamahiru pertsona berrogeialdian.

Bestalde, ziurgabetasuna eta segurtasun neurrien falta salatu dute Arabako enpresa handi eta ertain askotan. Adibidez, Aernnovak Berantevillan duen lantegiko zuzendaritzak ez du onartu langileek ekoizpena geldiarazteko egin duten eskaera. 450 langile ditu enpresa honek, eta koronabirusa kutsatzeko arriskua dagoela salatu du enpresa batzordeak.

444 positibo eta 25 hildako Araban

Bitartean, Arabako datuen hazkundeak jarraitzen du: Covid-19ak kutsatutako 444 pertsona daude herrialdean, eta horietako 191 daude ospitalean. Dagoeneko 25 pertsona hil dira koronabirusarekin.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago