Koronabirusa

Bi mila boluntario martxan, auzoz auzoko zaintza komunitarioan

Erredakzioa 2020ko mar. 16a, 19:20

Batera zaintza sare herritarrak bi mila parte hartzaile baino gehiago bildu ditu aurkeztu zenetik 48 ordu igaro direnean. Dagoeneko Gasteizko hemezortzi auzotan antolatu dira whatsapp bidezko taldeak.

Larunbat goizean aurkeztutako sarearen helburua koronabirusaren krisiak Gasteizen eragindako eta "zerbitzu publikoek konponduko ez dituzten zaintza behar bereziei" erantzutea da.

"Gasteizen haur asko zaindu behar dira ikastolak itxita daudenetik, pertsona batzuk ezin dira erosketak egitera atera euren osasunaren hauskortasunagatik, adineko asko bakarrik bizi dira eta ez dute inolako laguntzarik", azaldu dute Batera sare herritarreko ordezkariek, eta larrialdi egoera honetan beraien laguntza eskaini nahi dute.

Atarietako gune komunetan jartzen ari dira harremanetarako gutunak. / BATERA

 

Hemezortzi auzo eta 2.000 kide

Gutxienez Gasteizko hemezortzi auzotan antolatuta dago Batera dagoeneko, eta Twitter zein Whatsapp taldeen bitartez irizpideak zabaltzen ari dira. Sareko kideek gogorarazi dute ezinbestekoa dela parte hartzaile bakoitzak bere auzoan izena ematea, eta ez beste batean; jarraian, horietako batzuk bildu ditugu ALEAn:

Oraingoz, atariz atari antolatzeko deia zabaldu dute, eta gutun eredu bera jartzen ari dira auzoetako atari ezberdinetan. Gutun eredua publiko egin dute sare sozialetan, baita auzo bakoitzaren whatsapp taldean ere: "Edonork inprima eta moldatu dezake", argitu dute.

Atariz atari planteatu dituzte egitasmoaren lehenengo urratsak. / BATERA

 

Horrez gain, irizpideen eta segurtasun neurrien protokolo bat osatu dute eta parte hartzaileek hura betetzeko konpromisoa hartu dute.

Sarea ehuntzen

Gasteizko edozein auzokidek zalantzarik badu edo egitasmoan lagundu nahi badu, posta elektroniko bidez harremanetan jartzeko aukera dagoela gogorarazi dute: baterazaindu@gmail.com.

"Herritar guztiei dei egiten diegu komunitatean lan egitera eta auzolanaren bidez euren burua antolatzera, betiere birusaren hedapena saihesteko protokoloa mantenduz", adierazi dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago