Astelehenean lanera itzuli dira Mercedeseko langileak, eta 10:30ean enpresa batzordearen eta zuzendaritzaren arteko bilera egongo da. Enpresa batzordearen bitartez langileek ekoizpena guztiz etetea exijitu duten bitartean, enpresak aldi baterako lan erregulazio espediente bat negoziatu nahi du.
Hala ere, goizeko lehen orduetan, langileek ekoizpena bertan behera uztea exijitu diote Emilio Titos Mercedes-Benzeko zuzendariari. Segurtasun neurriak betetzen ari direla adierazi du zuzendariak, maskarillak banatu direlako.
Gainera, fabrika gelditzeko eskumenik ez duela esan du, eta Alemaniako zuzendaritzarekin hartu beharreko erabakia dela. Datozen minutuetan ezagutuko da Gasteizko fabrikaren jarduerari buruzko erabakia.
Hortaz, enpresa batzordeak Ertzaintzari deitu dio, Espainiako Gobernuak ezarritako alarma egoeraren testuinguruan segurtasun neurriak betetzen ez direla egiazta dezan.
Gasteizko Michelinek eta Espainiako Estatuko beste enpresa handi batzuek ekoizpena gelditu dute. Bitartean, 10.000 langile inguru biltzen dituen Mercedesen enpresa egiturak eta hiriko beste enpresa ugarik martxan jarraitzen dute.