Koronabirusa

Ekoizpena gelditzea exijitu dute Mercedesko langileek

Erredakzioa 2020ko mar. 13a, 18:11

Mercedes Benz enpresak Gasteizen duen fabrika. / ALEA

Mercedes-Benzek Gasteizen duen fabrikako enpresa batzordeak ekoizpena gelditzea exijitu dio zuzendaritzari, aho batez. Langileen eta Gasteiz osoko pertsonen osasuna zaintzeko "beharrezkoak diren neurriak" hartzea nahi dute.

Euskal Herri osoan hezkuntza zentroen jarduera bertan behera gelditu eta koronabirusaren aurrean prebentzio neurri gero eta zorrotzagoak hartzen ari diren bitartean, Mercedesko langileek ez dute ulertzen Gasteizen 10.000 pertsona biltzen dituen enpresa egitura bat martxan jarraitzea.

"Plantilla gaztea gara, eta gehienok ez gara arrisku taldea, baina gure familietan arrisku taldeentzako transmisoreak izan gaitezke", azaldu dute enpresa batzordearen agirian.

Arabak Europako kutsatze tasarik altuena du (0,95) momentu honetan, Madrilgo edo Lombardiako tasak baino handiagoa.

Antzeman dute enpresak ez dituela betetzen osasun zerbitzuek gomendatutako prebentzio neurriak, "berrogeialdiak eta bajak egunero areagotzen diren bitartean". Langileen arteko kontaktua "saihestezina" dela diote, kate-lanaren ezaugarriengatik eta aldageletan zein eremu komunetan duten kontaktuagatik.

Negoziazioa

Mercedesek ekoizpenari eutsiko dio oraingoz, eta astelehenaz geroztik aldi baterako lan erregulazio espediente bat negoziatzen hasiko da langileekin. Enpresa batzordeak agirian azaldu dutenez, "gutxieneko ekoizpena babesteko" proposamena luzatu die enpresak, baina pertsonen osasuna babesteko helburua lehenesteko momentua dela diote.

Hortaz, enpresari ekoizpena guztiz etetea exijitu diote: "Ez gara epidemiologiaren profesionalak, baina gobernuei eta enpresari, adituen irizpideak jarraituz inplikatzeko eta beharrezkoak diren neurriak ezartzeko dei egiten diegu".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago