Koronabirusa

Arabako hezkuntza zentro guztiak itxiko dituzte

Erredakzioa 2020ko mar. 11a, 18:52

Araba osoko hezkuntza zentroak itxiko dituzte, koronabirusagatik. / Argantzon Ikastola

Eusko Jaurlaritzak Arabako hezkuntza zentro guztiak ixteko erabakia hartu du. Halaber, Gaztela eta Leongo Hezkuntza sailak ere Trebiñu eta Argantzongo zentro guztiak itxiko direla jakinarazi du.

Gaztela eta Leongo Hezkuntza sailak zabaldutako oharrean, neurria martxoaren 25era arte indarrean egongo dela azaldu du, koronabirusaren transmisioa geldiarazteko irizpideen arabera.

Astelehenetik, bata bestearen atzean eman dira eskolen eteteak Arabako ikastetxeetan. Oraingoan, neurria herrialde osora zabaldu da: Arabako hezkuntza zentro guztiek eskolak bertan behera utziko dituzte. Erabakia hartzeko datu erabakigarria 12 adingaberen positiboa izan da. 

Neurria ostegunetik aurrera izango da eraginkorra eta 68.000 ikasleri baino gehiagori eragingo die. Tartean, haur-eskolek, institutuek, unibertsitateek eta hezkuntza zentro guztiek etengo dute euren jarduera.

Transmisioa saihesteko

Asteazken goizean Arabako Errioxako hezkuntza zentro guztien itxierarekin bezala, koronabirusaren foku epidemiologikoak eraginda eta gaixotasunaren transmisioa eta kutsatze-kopurua kontrolatzeko hartu da neurria, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren jarraibideen arabera.

"Helburua koronabirusa ikasleen artean hedatzeari eustea da, eskala handiagoan transmititu ahal izatea saihestuz", azaldu du Cristina Uriarte sailburuak zirkularrean.

Bestalde, ikasleek etxeko bizitza normala egin arren, taldeko jarduerak egiten diren esparru itxietan egotea saihestea gomendatu du Osasun Sailak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago