Astelehenean abiatu zuten bost asteko greba, eta jarraipen zabala izan du lehenengo egunetan. Gaur laugarren greba jardunaldia egin dute Hezkuntza Saileko eta EHUko garbiketa azpikontratetako langileek.
Goizeko manifestazioa Emakunderen egoitzaren aurrean amaitu dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako grebalariek, eta euskal administrazioari bere instalazioetan prekarietatea onartzen ari dela leporatu diote bertan.
Garbiketaren sektorean emakumeak langileen %90a direla gogorarazi dute. Zentzu horretan, martxoaren 8aren atarian "publizitate-kanpainak egitera" mugatzeaz gain, hezkuntza komunitatean emakumeek pairatzen duten prekarietateaz arduratzea eskatu diote administrazioari.
Hezkuntza arloan emakumeen %40ak baino gehiagok lanaldi partzialak dituela salatu dute; gainera, soldatei dagokionez, okerren ordaindutako lanak eurentzat direla kritikatu dute.
Orain arteko lau greba egunen balorazioa egin dute langileen ordezkariek: "Nabarmena da lan zentro asko zikin daudela, baina ukatu nahi dugu ekintza bandalikoak gertatzen ari direnik; zikin daude hezkuntza komunitatea kontura dadin garbiketako langileok egunero egiten dugun lanaz".
Garbitzaileen lana "mesprexatu eta izkututatu" egiten dela jarri dute mahai gainean: "Ez gara bigarren edo hirugarren mailako langileak, hezkuntza komunitatearen parte gara".
Oztopoak
Bestalde, "oso larritzat" jo dituzte haien hitzetan "greba oztopatzea" helburu duten hainbat gertakari. Besteak beste, azaldu dute Gasteizko Farmaziako dekanotzak deialdia egin zuela fakultatea boluntarioek garbitzeko, eta erabaki hori "legez kanpokoa" dela salatu dute, grebarako eskubidea urratzen duelako.
Horrez gain, greba batzordeen eta manifestarien aurkako oztopoak ere salatu dituzte, Arabako Campuseko errektoreordetzara zein fakultateetara sartzeko. Poliziaren presentzia "itogarria" arbuiatu dute, eta errektoretza ekipoari leporatu diote eskatu izana.