MARTXOAK 3 | 1976-2020

Justizia gertu bezain urrun, 44 urte beranduago

Mikel Buruaga 2020ko mar. 1a, 12:05

Agerraldia egin du Martxoak 3 Elkarteak, sarraskiaren 44. urteurrenaren harira. / ALEA

44 urte igaro dira 1976. urteko Martxoaren 3an, Gasteizen, polizia armatuak bost langile hil zituenetik. Argentinako kereilaren barruko Martin Villa auzia, Memoriaren Zentroa sortzeko proiektua eta lan istripu hilgarrien aurkako aldarria egongo dira aurtengo urtemugaren erdigunean.

Martxoak 3, Gasteiz. Pedro Maria Martinez de Ocio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda Zaramagako Asisko San Frantzisko elizan zeuden, langile grebalarien batzar batean parte hartzen. Poliziak eliza gaseatu eta bildutakoak tirokatu zituen; bostak hil ziren, egun berean edo ondorengo egunetan.

Martxoak 5, Tarragona. Juan Gabriel Rodrigo hil zen, Gasteizko sarraskia salatzeko manifestazio batean poliziak jaurtitako gomazko bala baten inpaktua jasotzean.

Martxoak 8, Basauri. Vicente Anton Ferrerok zori bera izan zuen bere herriko protestetan; kasu honetan, Guardia Zibilaren bala baten ondorioz.

Frankismoak demokraziarako trantsizioaren mugak ikusarazi zituen horrela, langileen odolarekin. Manuel Fraga Iribarne zen garaiko Barne Ministroa, eta 2012an hil zen, Gasteizko sarraskiarengatik epaitua izan gabe.

Historia aski ezaguna da, baina ez hainbeste gertakarien atzeko beste ardura politikoak, gaur egunera arte iraun duen zigorgabetasunak lainotuta.

Martin Villa: zigorgabetasunaren sinbolo bizia

Zazpi hildako, sei eguneko epean. Baina kasu gehiago egon ziren: 1975 eta 1979 urteen bitartean, 90 hildako baino gehiago eragin zituen errepresio polizialak eta parapolizialak. Guzti horien atzean, Fragaz gain, beste izen bat zegoen: Rodolfo Martin Villa.

Urte horietan hainbat ardura politiko pilatu zituen Villak: Sindikatu Harremanetarako Ministro izan zen 1975 eta 1976 urteen bitartean, Gasteizko sarraskiaren garaian; Martxoaren 3tik bost hilabetera, Manuel Fragaren lekukoa hartu, eta Barne Ministro izan zen 1976tik 1979ra.

Lau hamarkada baino gehiago iraun duen inpunitateak aurrez aurre topatu du frankismoaren krimenen aurkako auzia bideratzen ari den Maria Romilda Servini epaile argentinarra.

Kereila argentinarraren barruan inputatutako 22 pertsonetako bat da Martin Villa, eta justiziarekin hitzordua du martxoaren 20an. "Duela 10 urte hasitako prozesuan benetako inflexio puntua" dela ziurtatu dio Martxoak 3 Elkarteak ALEAri.

Izan ere, hainbat atzerapenen ostean, egun horretan programatuta dago epailearen bisita Espainiara, Argentinak Madrilen duen enbaxadan Rodolfo Martin Villari deklarazioa hartzeko.

Alabaina, azken egunetan, Justizia Ministerioaren trabak salatu dituzte hainbat elkarte memorialistek, tartean Martxoak 3 Elkartea: "Babesgabetasun eta ziurgabetasun izugarria pairatzen dute biktimek eta haien senideek, Espainiako Estatuko erakundeen borondate politiko faltaren erruz".

Gaia hurrengo egunetan argitzea espero da, baina, gaur gaurkoz, Servini epailearen bisita zintzilik dago. Martin Villa Epaitu kanpainaren parte den Martxoak 3 Elkarteak errezeloz begiratzen dio PSOE-Podemos koalizio gobernu berriaren jardunari: "Zigorgabetasuna estatu afera da; ez dakigu berarekin hautsi nahi ez duten, ezin duten edo ez ote diren ausartzen".

Memoriaren eta Giza Eskubideen Zentroa

Esku artean justiziarekiko beste erronka handi bat ere badu jendarte arabarrak. Izan ere, duela urtebete baino gehiago, 2018ko urrian, aurkeztu zen Memoria Gara egitasmoa, Asisko San Frantzisko eliza Memoriaren eta Giza Eskubideen Zentro gisa gordetzeko helburuarekin. 

Atxikimendu ugari jaso ditu ekimen herritar honek, besteak beste, Martxoak 3 elkartearena. Eta bere ibilbidearen inflexio puntu nabarmena izan da proiektuaren zimenduak jartzeko antolatu duten azken ekimena: Martxoak 3, memoria(k), kolektiboa(k), espazioa(k) izeneko jardunaldiak.

Izen eta izan handiko hamabost aditu bildu ziren hiru mahainguruetan, proiektuaren inguruko ikuspegi anitz bezain zorrotzak emateko. Zentroaren edukiak, kudeaketa eredua eta espazioaren forma bera izan zituzten hizpide.

Hala eta guztiz ere, Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteak "mugimendu falta kezkagarria" ikusten du erakundeetan, 44. urtemugaren atarian ALEAri aurreratutako balorazioen arabera.

"Erakundeen aldeko iritzia izan arren, oraindik ez dago hitzetatik ekintzetara pasatuko direla baieztatzen duen gertaera zehatzik", kritikatu dute, Gasteizko Udalari, Arabako Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta Gogora Institutuari estamentu horien eta apezpikutzaren arteko akordioa bultzatzea eskatuz.

San Frantsizko eliza gurtzarako itxi zuten 2014an, eta gaur egun jaiotzen erakusketa bat baino ez dago bertan.

Euskal gehiengo sindikalak agerraldia egin du Martxoak 3 plazan. / ALEA

 

Mobilizazioak

Ohikoa den bezala, sindikatuek antolatuko dute Martxoaren 3ko mobilizazio nagusia, Martxoak 3 elkartearekin eta jendarte mugimenduekin batera. Asteartean, 18:30ean omenaldia egingo dute Martxoak 3 plazan, eta ondoren, 19:00etan, bertatik abiatuko da manifestazioa.

ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek lan istripu hilgarrien aurtengo datu kezkagarriekin lotu dute aurtengo Martxoaren 3a. Izan ere, urtearen hasieratik 14 pertsona hil dira lan istripuz; horrez gain, beste bik Zaldibarko zabortegian lurperatuta jarraitzen dute. Eta lan istripu hilgarri horietako lau Araban eman dira.

"Zigorgabetasun osoz hiltzen jarraitzen gaituzte, langileen odoluste etengabean", salatu du gehiengo sindikalak, asteartean egindako agerraldian. "Borroka egitea garrantzitsua bada, memoriari eustea ezinbestekoa da", adierazi dute bertan, Gasteizko sarraskiaren biktimentzat justizia eta erreparazioa eskatuz.

Ekimen ugari 44. urteurrenean

Aurtengo ekimenei dagokionez, Zer gordetzen duzu zuk 1976ko Martxoaren 3tik? erakusketa egingo da Zaramagako adinekoen zentroan, martxoaren 2an, astelehenean. 17:00etatik aurrera egongo da ikusgai, martxoaren 31ra arte.

Bestalde, egun berean, A Tempo abesbatzak Oihaneder Euskararen Etxeko klaustroan eskainiko duen kontzertuaren errepertorioaren barruan, Juanjo Urangak konposatutako Martxoak Hiru obra estreinatuko da, Xabin Salaberrik egokitua.

Gonbidapen guztiak agortu dira dagoeneko, baina Martxoak 3 Elkarteak iragarri duenez, Martxoaren 3an, 17:45ean, beste emanaldi bat egingo du abesbatzak San Frantsizko elizan bertan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago