"Irudiaren inguruko lanketa handia egin behar dugu"

Anakoz Amenabar 2020ko ots. 21a, 07:00

Jorge Moneo, Gasteizko Artiumen plazan. / Erlantz Anda

Berlinera begira dago Jorge Moneo zinemagile gasteiztarra, orain arteko lanak ezagutarazi eta hurrengoak abian jarriko dituen topagunean parte hartzeko gogoz. Zinema dokumentalaren bitartez eraman ditu haren esperientziak pantaila handira, euskal gatazkaren arrastoei helduta azkeneko 'Orbainak' lanean.

Ostegunean hasi da 70. Berlinale jaialdia, eta, horrekin batera, zinemagitzan lehendabiziko pausoak eman nahi dituzten lagunak elkartuko ditu egun hauetan Berlinale Talents egitasmoak, harremanak egin, ideiak aurkeztu eta proiektuak sustatzeko helburuarekin. Nazioarteko zinemagileen harrobiak 200 bat lagun izaten ditu urtero, eta Jorge Moneo (Gasteiz, 1988) zinemagilea izango da aurten horietako bat.

Zer topatuko duzu Berlinen hurrengo egunetan?

Duela hamabost bat urte hasi zen Berlinale Talents programa. Astebetean zehar proiektuak azaldu eta kolaborazioak bilatzeko asmoz joaten dira mundu osoko zinemagileak, eta aliantzak egiteko aukera ona izan daiteke. Maider Fernandez donostiarra ere izango da aurten parte hartuko dugunon artean. Nik teaser bat eramango dut oraingoan, txosten bat, hurrengo proiekturako babesak bilatzeko. Beste jaialdi batzuetan ere izan naiz aurretik, Holandako zine jaialdian esaterako, eta nire aurreko lanari –Orbainak– bultzada bat emateko aprobetxatu nuen hori. Azken batean, zure burua ezagutzera emateko aukera izaten da, alor hau ez izan arren gehien gustatzen zaidana, baina hori ere egin behar izaten da.

Zinema dokumentalean aritutakoa zara, baina nora joko duzu hurrengo lanean?

Azken urteetan artxiboko irudi finkoekin ari naiz lanean, batez ere. Filmatu ere egiten dut, baina betiko argazkia da osagai nagusia. Eta orain nire lehenengo film luzea prestatzen ari naiz. Nahiz eta zinema dokumentalean mugitzen naizen, hurrengoan fikziozko egitura baliatuko dut pelikulan, narratzaile bat erabiliko dut lehenengo aldiz; zientzia fikziozko narratzaile bat izango da, baina errealitatearekin harremana duten gaien inguruan hitz egingo du. Horretan, Gasteizko irudiak erabiliko ditut, nahiz eta pelikulan Europako edozein hiri izango den.

'Begirada' film kolektiboan ere parte hartu duzu.

Pelikula luzeko hainbat irudi birziklatu eta pieza motza sortu dut Begirada lan kolektiborako. Honetan Gasteizko San Frantzisko komentuko irudiak eta ostean izan den eraikinaren irudiak hartu ditut. Berriro ere, ez da aipatzen Gasteiz dela, Europako edozein hiri pairatzen ari denaz hitz egiten du, aldaketaz, iraganeko eraikinak bota eta azal berri bat jartzeaz.    

Aldaketa hori agerikoa da 'La ciutat interior' dokumentalean ere, ezta? Etxeetan gero eta eskasagoak diren atezainen inguruan.

Hiria beti izan dut oso presente prozesu kreatiboan, beti izan dut buruan hori, eta La ciutat interior dokumentala bilaketa moduko bat izan zen, Bartzelonako etxebizitzen atarietan, atezainekin, nolabaiteko begirada etnografikoa eta surrealista. Eta horretan ari ginela, desagertzear dagoen ofizio bat, enpresa pribatuen esku geratzen ari den segurtasuna agertu ziren.. Hasiera batean asmoa ez zen dokumentalean pertsonaiak sartzea, etnografia hitza datorkigunean beste herrialdeetan egiten dugun hori egin nahi genuen Bartzelonan. Hiru lagunen artean zuzendu genuen, kanpokoak denak, eta atentzioa eman ziguten atariek; hemen Gasteizen askoz ere xumeagoak dira atariak, eta deigarriak ziren niretzat burgesiaren portal horiek eta arkitektura eszentriko hori.

Bakarkako lana izan zen hurrengo dokumentala: 'Orbainak'.

Bilaketa bat egiten ari nintzen nire kontura, eta berez etorri zen. Euskal Herriko historia politikoaren inguruan zerbait egingo nuela nekien, erakargarria egiten zitzaidan gaia, baina ez nekien nola. Bartzelonan nengoen momentu hartan, eta Montehermosoren diru-laguntza bat jaso nuen orduan eta Gasteizera etorri behar izan nuen. Oraindik Bartzelonan nenbilela Portugalgo lagun batekin Urepele aldera joan ginen eta hainbat bidai egin genituen ingurura; ez genekien zeren bila ari ginen, artzainekin izan ginen, mugaren inguruko kontrabando eta klandestinitate gaien bila... baina ez zen atera. Gero lekukotasunak grabatzen hasi nintzen, ametsak grabatzen, Euskal Herrian bizi izan den gatazkaren aztarnak grabatzen, gure ametsetan edo bizipenetan; filma muntatzerakoan konturatu nintzen lekukotasun horiek oso ongi biltzen laburbiltzen zutela pelikulan bilatzen ari nintzen hori.

Elkarrizketatutako lagunen irudirik ez da ageri  'Orbainak' dokumentalean.

Elkarrizketak ez nituen modu informatiboan egin nahi. Halako zinema dokumentala jorratzen dut nik, emozionalagoa dena, eta ez horren informatiboa. Esperientzia baten moduan bizi dut pelikula, pentsatu eta sentitzekoa. Horiek argi edukita, erabaki nuen ez nuela elkarrizketen irudia grabatuko, ahotsaren presentzia areagotu nahi nuen. 

Berlinale Talents jaialdian parte hartzen ari da egun hauetan Jorge Moneo. / Erlantz Anda

 

Ohikoa da zure lanean gidoirik gabe abiatzea pelikula grabatzeko?

Oso ohikoa da. Hurrengo lanerako idatzi egingo dut, narratzailearentzat testu bat idatzi behar dudalako. Batzuetan laguntza gisa eskaleta moduko bat egiten dut, baina ez da nire modua; leku batean baldin bada pelikula, Bartzelonan esaterako, hara joan eta han sortzen joatea gustatzen zait.

Gidoirik gabe pelikula bat grabatzera joateak ez du bertigoa ematen?

Ez. Arte Ederretatik nator, eta uste dut joera hori errepikatzen dudala; aldez aurretik ez diot ideia bat inposatzen eskuetan dudan materialari, kontrakoa baizik. Materiala joaten da bidea erakusten. Gidoi gabe lan egiteak askatasuna ematen dizu, harreman zuzena duzu grabatu behar duzun espazio, objektu, gai horrekin. Horregatik gustatzen zait, hain zuzen, dokumentala; fikzioa horrela landu dezakezu, baina ez modu berean.

"Baliabideak eskasak dira, eta zinema honetan interesa duen jendea topatzea zaila da"

Fikzioa eta ez-fikzioaren arteko muga gero eta lausoagoa al da?

Txanpon beraren bi aldeak direla esango nuke. Ondorio eta jarrera desberdinak inplikatzen ditu, baina azkenean errealitatearekin era artistiko batean harremantzeko moduak dira, paktu bat da atzean. Dokumentalean ikusleak badaki ikusten ari den hori benetakoa dela, eta fikzioan pentsatzen dugu ez dela benetakoa, baina hori ere ez dago hain argi. Dokumentalean agertzen dena ez da objektiboa, beti dago autorearen ikuspuntua, gauza batzuk behartzen dira. Eta fikzioan gauza bera; fikzio mota bat ez da faltsukeri bat, errealitatetik kontatzen dena baizik.

Zinema dokumentalaren inguruko heziketa falta da?

Ez bakarrik zinema dokumentalaren inguruan. Irudiaren inguruko lanketa handia egin behar dugu; modu instrumental batean ulertzen dugu, irudi hau ikusi eta hau esaten digu bakarrik, eta irakurketa desberdinak egon daitezke. Hori da niri artxibo historikoarekin interesatzen zaidana, adibidez; nahiz eta jatorrizko irudi horiek helburu jakin batekin egin ziren, gaur eguneko begirada batetik beste irakurketa batzuk egin ditzakegu, irakurketa politikoak, antropologikoak...

Dokumental bat gomendatuko diguzu?

Orain zinemari buruzko ikastaro bat ematen ari naiz gizarte etxeetan, eta aste honetan, esaterako, lehen pertsonan egindako dokumentalak ikusi ditugu; interesgarriak iruditu zaizkit, ez dakit nik egingo nituzkeen, baina oso zintzoak eta baliagarriak iruditu zaizkit.

Ikastaroan zer da ikasleei helarazi nahi diezun mezu nagusia?

Lehenengo eta behin, nik ere ikasi nahi dut ikastaroan. Baina batez ere gauzei begiratzeko moduan arreta jartzea nahiko nuke, errealitateari eta zinemari begiratzea lehen aldiz begiratuko bagenio bezala. Jakingura duen begirada bat izatea eta kritikoa dena. Eta, zehazki, orain ematen ari naizen ikastaroaren bitartez, zineman objektibitaterik ez dela transmititzen saiatzen ari naiz. Ikusten duguna ez da errealitatea, errealitate bat baizik.

Ohiko zinema aretoetan topatzen duzu gustuko pelikularik?

Ez naiz askotan joaten. Gasteizera tamalez ez dituzte interesatzen zaizkidan pelikula gehiegi ekartzen. Baina, beste alde batetik, gero eta baliabide gehiago dagoela uste dut; Artiumen liburutegian, esate baterako, gauza asko aurki daitezke, gero eta gauza bitxiagoak eta bereziagoak ekartzen dituzte. Interneteko plataformetan ere aukera desberdinak aurki daitezke eta udal liburutegiek jarri dituzten liburutegi elektronikoetan ere dokumental multzo interesgarria dago.

Bartzelonatik Gasteizera bueltatu zinenean, aldaketarik nabaritu zenuen ikus-entzunezkoetan?

Aldaketak beti izaten dira, baina oso egoera zaila da. Baliabide oso gutxi daude, eta ez hori bakarrik. Zaila da interesa duen jendea topatzea, mota honetako zinema bat eskatzen duena; baina zorionez badira ahalegina egiten ari diren hainbat lagun eta egitasmo desberdinak martxan jarri dituztenak. Kuriosoa da, halere, baina niri errazagoa egiten zait lana atzerrian erakustea Gasteizen baino.

Ez da erraza izaten halako dokumental bat topatzea jaialdietatik kanpo. 

Sentsazio arraroa da. Jendeak badakit zerbait egiten ari zarela, edo zerbait egin duzula baina ezin du ikusi. Jaialdietara joaten gara gu, pelikulen esklusibotasuna eskatzen dutenak, eta aldi berean interneten egon behar dugu esperientzia erakusteko... logika krudela da. Hori da gertatzen zaiguna mota honetako zinema egiten dugunoi.

Berlinen izango duzu hurrengo hitzordua datozen egunetan, eta handik aurrera zein duzu hurrengo erronka?

Zinema egitea, horri buruz pentsatzea, ikastea. Eta, beste langile baten moduan, era duinean egitea. Hurrengo proiekturako erritmo egokia bilatu eta honetan bizitza eman gabe aurrera atera nahiko nuke.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago