luizia zaldibarren

Zaldibarko hondakinak Gardelegin jasotzeko eskaintza arbuiatu dute

Erredakzioa 2020ko ots. 13a, 16:07

Gardelegiko zabortegia /. Alea

EH Bilduk eta Equo Berdeek Udalari eskatu diote Gardelegik Zaldibarko zabortegitik datozen hondakinak ez onartzeko.

EH Bilduk "arduragabekeriatzat" jo du Gardelegik Zaldibarko zabortegitik datozen hondakinak biltzeko Gorka Urtaranen gobernuak egindako eskaintza, eta iragarpen horren harira eskatu du Cesar Fernandez de Landa Ingurumen Plangintzako eta Kudeaketako zinegotziaren ezohiko eta presazko agerraldia, jarraituko duten planari buruzko azalpenak eman ditzan. Amancay Villalba EH Bilduko zinegotziak esan duenez, Zaldibarko hondakin horiek Gardelegin kudeatzeak "ondorio larriak izan ditzake uraren eta airearen kalitatean". 

Halaber, Equo Berdeak taldeak adierazi du Gardelegi hondakin ez-arriskutsuen eta geldoen zabortegia dela, eta ez duela hondakin arriskutsuen "sarrera masiborik" aurreikusten, "Zaldibarko zabortegitik datozenak kasu". Gainera, hondakin horiek ez daudela kategorizatuta nabarmendu dute, eta, beraz, horien osaera eta jatorria ezezaguna dela. "Zaldibarko zabortegiko hondakinen kudeaketa in situ egin behar da, eta enpresa jabearen ardura da hondakin mota bakoitza kategorizatzea eta baimendutako kudeatzaileei bidaltzea, behar bezala trata dezaten", adierazi dute Equo Berdeek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago