Komunitatea, izatez eta izenez

Jon Rejado 2020ko ots. 15a, 10:28
2008an abiarazi zuten ikastetxearen eraldaketa prozesua. / Aranbizkarra ikastola

Aranbizkarra ikastetxeak izena aldatu du berriki, 2008an hartutako norabidearekin bat eginez. Ikas komunitate bihurtu zen orduan. Izen aldaketak bide horretan are gehiago sakontzen lagunduko duela hausnartu dute komunitateko kideek.

Aranbizkarra ikastetxearen izanak eta izenak bat egin dute. Ikastola deitzetik Ikas Komunitatea deitzera pasa da. Hilabete bat da aldaketa egin zutenetik. Hilabete bat elkartu zirenetik duela hamabi urte aldendutako bideak. Izan ere, 2008an hasi zuten ikastetxe horretan ikas komunitate izateko prozesua. Ordutik proiektu pedagogiko eta eraldatzaile hori izan da ikastetxearen mamia. Bada, urtarrilaren 14tik azalak bat egin du mamiarekin.

Ez da ohikoa ikastetxe batek izena aldatzea. Aranbizkarra Ikas Komunitatearen kasuan aldaketa ez da izan azaleko zerbait. Hala hausnartu du Irantzu Gallastegik, bertako zuzendariak. "Proiektuan sakondu nahi izan genuen, eta orduan ikusi genuen izena aldatzeko beharra". Ikastetxeari proiektu pedagogikoaren izena jarrita ikastetxearen filosofia "argiago" ikusiko zela hausnartu zuten ikastetxeko kideek. Besteak beste, Ikastola izenak gaizki ulertzeak eragin zitzakeela azaldu du. "Urtero irakasle taldearen ehuneko handi bat aldatzen da, eta, batzuetan, Aranbizkarrera zetozen irakasle batzuk aurkituko zutenaren ideia okerrarekin heltzen ziren".

Aranbizkarra Ikas Komunitatearen nortasunaren ardatz nagusiak zerrendatu ditu Gallastegik. Batetik, ikasle guztien arrakasta lortzea du xede, haien egoera dena dela: sozioekonomikoa, jatorria... Horren harira, proiektua kultur anitza dela gaineratu du Gallastegik. Bestetik, ikastetxearen komunitate izaeraz nabarmendu du komunitateko kide guztiek parte har eta berma dezaten ikasleen arrakasta: irakasleak, ikasleak, horien familiak, langile ez hezitzaileak, boluntarioak… 

Nortasun hori Ikas Komunitate sareko ikastetxeek partekatzen dute. Eskola eraldatzea dute xede komunitate horiek, XXI. mendeko gizartera egokitzeko. Aniztasunak ikasteko prozesua aberasten duela baliatuta, bizikidetza sustatzen dute, hezkuntza eragileen artean sareak sortzea, baita kulturarteko harremanak ere.

Eskola demokratikorantz

"Hezkuntza ulertzeko modu hori bada erronka bat", azaldu du Gallastegik. Izan ere, Ikas Komunitateen proiektuak hori garatzeko jarduera arrakastatsu batzuk barnebiltzen ditu, nazioarteko komunitate zientifikoak eraginkorrak direla frogatutakoak. Horiek familiei eta beste eragileei ateak zabaltzearen alde egiten dute, eskola demokratikorantz. Halaber, umeekin eskola magistralak izan beharrean elkarrekin lan egitea proposatzen dute, talde txikietan, komunitateko boluntarioekin.

Boluntario horietako asko ikasleen familiak dira, baina familien parte-hartzea ikasgeletan sartzea baino harago doa. Zuriñe Fernandez da Aranbizkarreko Ikasleen Gurasoen Elkarteko presidentea, eta alaba nagusia bertan matrikulatu zuenean sentitutakoa gogora ekarri du. "Ikasle nintzen garaiko zerbait espero nuen, eskolarekin harreman eskasarekin, baina oso ezberdina izan zen: ikasgeletan sartzeko aukeraz gain, edozertarako eskatzen dizute iritzia…". Paco Viecok, Aranbizkarreko irakasleak, zehaztu du familiek ordezkaritza organo gorenean duten parte hartzeaz gain, ikastetxeko batzordeetan ere parte har dezaketela.

Aranbizkantuz saioa 2019ko Euskararen Egunean. / Jon Rejado 

 

Are, AMPA bera familien parte-hartzerako giltza ere bada. Ikas Komunitateen jarduera arrakastatsuetako batzuk sustatzen ditu, ikastetxeko zuzendaritza taldearekin elkarlan estuan. Familientzat prestakuntza eskaintzen du: familia migratzaile atzerritarrei espainiera eskolak, euskarakoak familia guztientzat... Halaber, eskola ordutegia handitzeko ekintzak ere baditu: familian ikasteko txokoa, eskolaz kanpokoak… Horietako asko administrazioen laguntzen bitartez mantentzen dituzte. "Kudeaketa ekonomiko hori da zailena; horiekin lotutako izapideak betetzeko ikasketa bereziak izan behar dituzu, ia".   

Zuriñe Fernandezek familien parte-hartzearen garrantzia nabarmendu du. Batetik, argitu du edonor dela gai ekarpenen bat egiteko. "Ikasleek gustuko dute ikustea haien gurasoak ikastetxean sartuta daudela". Bestetik, ikas komunitateko erabakietan parte hartzen duten heinean, erabakiak "serioago" hartzen dutela azaldu du: jolastokia antolatzeko prozesua, elkarbizitza hobetzeko ekinbideak…

Hamabi urteko bidean aurrera

"Nahiago dut honela lan egitea, aurretik egiten genuen moduan baino", azaldu du Yolanda Fernandezek. Lehen Hezkuntzako irakaslea da egun, eta ikasketa burua zen 2008an, Aranbizkarra ikas komunitate bihurtzen hasi zenean. "Metodologia oso ondo dago, baina boluntarioen beharrak baldintza dezake, uneren batean". Paco Viecok ere bizi izan zuen eraldaketa, eta azaldu du proiektuaren eragina antzeman daitekeela, batez ere ikasturtez ikasturte barneratu dutenengan. "Proiektuan hasieratik dauden ikasleei nabaritzen zaie, badakitelako zer egin behar duten; ikasgela batzuetan sartzea gozamena da, denek parte hartzen dutelako".

Biek hausnartu dute azken urteetan egindako lanaren fruitua dela hori. Behetik gora egindako bidea. "Izugarrizko lana egin genuen garai horretan", gogorarazi du Yolanda Fernandezek. Hasierako urteetan boluntarioak lortzeko lanak gogorarazi ditu. "Irakasle eskolara jo genuen, inguruko institutuetara. Gaur egun lana eskatzen du, eta hobetu daiteke, baina hasieran baino askoz egituratuagoa dago".

Izen aldaketa dagoeneko ikus daiteke ikastetxe barruko agirietan, baita webgunean ere. Ikastetxearen kanpoaldean oraindik Ikastola dago idatzita, baina aurrerago aldatuko dute hori; irudia berritzeko aukera baliatu nahi dute. Erabaki horiekin guztiekin orain arte lortutakoan are gehiago sakontzeko apustua egin dutela gogora ekarri du Irantzu Gallastegik. "Aukeratu genuen proiektuaren atzean dagoen zientziaren bermean sinesten badugu, bide horri heldu behar diogu".

Yolanda Fernandez eta Paco Viecoren hausnarketak berrestu ditu; bizikidetzan eta ikaskuntzan "gauza asko" ikusten ari direla nabarmendu du. "Gure umeek arrakasta izatea nahi badugu, askotariko testuinguruetan, eta eskolak horretan pisu handia duela sinesten badugu, bideari jarraitu behar diogu".

Paco Vieco, Yolanda Fernandez, Irantzu Gallastegi eta Zuriñe Fernandez. / Jon Rejado

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide