"Ana Oregi Gasteizko Lurralde zinegotziaren saileko espediente batean jasotzen denez, udal gobernuak eman duen obra baldintzatuen lizentziak ez du Aldaialde ikastetxeko obrak egiteko baimenik ematen". Hala argitu du, gaur goizean, EH Bilduko udal taldeak, eta salatu du AHTaren lurperatzearen inguruko azterketa informatiboa onartu arte atzeratuko dela Zabalganeko ikastetxe berriaren eraikuntza.
Miren Larrion EH Bilduko Gasteizko bozeramaileak salatu duenez, "Aldaialderentzat atzerapen berri baten aurrean gaude, eta, larriagoa dena, gobernuak familiei informazioa ezkutatu die beste behin ere".
Gasteizko Udalak urrian ziurtatu zuen baldintzapeko obra lizentzia bati esker zortzi hilabeteko epean hasiko zirela eskola eraikitzeko obrak. Larrionek, ordea, argitu du obra horiek ezingo direla hasi. "Eskandalua da informazio hori ezkutatu izana, eta are gehiago, Hezkuntzako Arabako ordezkariak gertaera larri honen aurrean azalpenik ez ematea. Noiz arte izango dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Urtaranen gobernuak familiak itxaroten?", salatu du Larrionek.